AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Urola Kostako Kontseilu Sozialistako kideek azaroaren 8an jakinarazi zuten Zentro Sozialista bat ireki zutela Zumaian (Gipuzkoa): Etxape Zentro Sozialista. Espazio horren bidez, besteak beste, "proletalgoaren autodefentsarako tresnak sortzea eta indartzea" zen haien asmoa, Etxapen "autodefentsa eta aholkularitza laboralerako bulegoak, oinarrizko produktuen bilketak, formakuntza politikoa sustatzeko espazioak" eta abar martxan jarrita. Dena den, Eroski da Kontseilu Sozialistak birjabetutako espazioaren legezko jabea, eta salaketa bat aurkeztu zuen enpresak, usurpazioa egotzita. Orduan hasi zen poliziaren jazarpen itogarria, Urola Kostako kideek egun horietan salatu zutenez.

Etxaperen irekieraren berri eman eta bi egunera, Elorriora (Bizkaia) joan ziren Kontseilu Sozialistako hainbat kide, Eroskiren egoitza nagusira. Enpresako zuzendaritzaren ordezkaritzarekin hitzordu bat jartzea lortu zuten hala, eta orduan hasi zen negoziaketa. Zentro Sozialista egonkortzeko baldintzak borrokatu ditu Kontseilu Sozialistak elkarrizketa horietan, eta, gaur azaldu duenez, lortu du jada: Etxape egonkortzeko baldintzak eskuratu ditu, eta, beraz, Urola Kostan "proletalgoaren antolakuntza independentea bultzatzeko espazio berri bat irekitzea" lortu du.


Momentuz baldintza horiek eskuratu dituzten arren, Kontseilu Sozialistak adierazi du "antolakuntzaren bidez baino ez dela bermatuko" Etxaperen egonkortasuna. Aurreko asteetan Zentroa egokitzeko lanetan aritu dira, eta horretan jarraituko dute aurrerantzean. Gainera, espazioan martxan jarriko dituzten proiektuak aurkeztuko dituzte pixkanaka.

🔴 Lortu dugu Zumaian Etxape Zentro Sozialista egonkortzea.

Proletalgoaren antolakuntza independentea bultzatzeko espazio berri bat irekitzea lortu dugu. pic.twitter.com/45znD3WKjy

— Kontseilu Sozialista Urola Kosta (@Kontseilua_UrKo) December 15, 2022