Laugarren egunez jarraian, Gazako Zerrenda bonbardatzen jarraitzen du Israelgo Estatuak. Argitaratu dituzten azken datuen arabera, gutxienez 704 dira eraildako palestinarrak, eta milaka zaurituak. Palestinarren etxeak, etxebizitza-eraikinak, ospitaleak, meskitak eta abar odol hotzean erasotzen jarraitzen du Israelek, bai eta zaurituak garraiatzeko anbulantziak ere, Mugarik Gabeko Medikuek jakinarazi dutenez.
"Giza-animalien kontra ari gara borrokan"
Atzo jakinarazi zuten gutxienez 100.000 soldadu mobilizatu dituztela Israelgo Defentsa Indarrek (FDI), erasoan jarraitzeko. Defentsa ministroak, Yoav Gallantek, atzo eguerdian egin zituen adierazpen beldurgarri eta zoro batzuk: "Erabateko setio bat agindu dut Gazan. Ez da elektrizitaterik egongo, ez eta elikagairik, urik edo erregairik ere; dena itxita dago. Giza-animalien kontra ari gara borrokan, eta horren arabera ari gara jokatzen".
Gazatik, hainbat iturrik salatu zuten fosforo zuria ari direla erabiltzen Israelgo indarrak. Gai horren erabilera, teorian, debekatuta dago nazioartean. Benjamin Netanyahu Israelgo Lehen ministroak gauean esan zuen "hasiera besterik ez" direla Gazaren kontrako aire-erasoak.
Gauean, gainera, Gazako Zerrendan gertatzen ari denaren berri ematen ari ziren hainbat kazetari palestinar erail ditu Israelek.
Libanoko muga eta borrokak
Libanotik, bestalde, Israelen kontrolpeko eremuetara sartzeko ustezko saiakerekin eta mugimenduekin segitu dute. Israelek soldaduak, helikopteroak eta abar muga horretara mobilizatu ditu. Sionistek airez eraso dituzte, esaterako, mugako Marwahin, Al-Dahaira, Yarin edota Aita Al-Shaab.
Nazioartean, zer?
Israel palestinarrak sarraskitzen ari den bitartean, posizioa nahi baino argiago hartu du Europar Batasunak: atzo, hasieran, bertan behera utzi zituen "Palestinaren garapenerako" diru-laguntzak. Hainbat estatu kidek azalpenak eskatu ostean, baina, atzera bota zuen laguntzen izoztea Bruselak.
Amerikako Estatu Batuen aldetik, beti bezala, baldintzarik gabeko laguntza ari da izaten Israel. Dirudienez, 8.000 milioi dolarreko laguntza militar bat emango diete sionistei AEBek.
Saudi Arabiak kolokan jarri ditu, oraingoz, Israelekin "harremana normalizatzeko" izaten ari ziren elkarrizketak. Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek esan du ez dela bakerik izango Palestinak "estatu libre bat" izan arte, eta laguntza bideratu du Palestinara. Ikusteke dago, bestetik, zer esango duen publikoki Irango Gobernuak: antza, gaur goizean hartuko du hitza presidenteak.
Irakurri hemen asteburuko gertakarien hainbat gako nagusi, eta hemen Leire Regadasek Arteka aldizkarirako idatzitako erreportajea: Palestinako bake kolonizatua