ACTUALIDAD IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA EDITORIAL COYUNTURA POLITICA AGENDA COLABORACIONES GEDAR TB ARTEKA LÍNEA POLÍTICA

Laster saiatuko dira Zestoako (Gipuzkoa) Gaztetxea husten. Gazte Asanbladak berriki jakinarazi duenez, desalojoaren eguna zehaztu dute jada epaitegiek: datorren uztailaren 19an izango da, ostiralez. Gaztetxea defendatzera deitu dute Gazte Asanbladako kideek, eta hainbat ekimen antolatu dituzte datozen asteetarako.

Uztailaren 8tik 15era bitartean, propaganda-lanak egingo dituzte arratsaldez, 17:00etatik aurrera. Uztailaren 11n zumba saio bat eta txokolate jana izango dira, eta umeentzako jolasak ere prestatu dituzte, 17:30erako. Lajayan jarri dute arratsalde horretarako hitzordua.

Uztailaren 15etik 17ra bitartean, Gaztetxearen aldeko kale-bueltak egingo dituzte egunero. 20:00etan hasiko dira, herriko plaza nagusitik. Uztailaren 17an, berriz, Gaztetxearekin elkartasunez antolatutako futbito txapelketako finala izango da, 19:00etan kiroldegian.

Desalojoaren bezperari begira, arratsalderako egin dute deialdi bat. Uztailaren 18an, hain zuzen ere, bere azken antzezlana eskainiko du Ekida Arte Ekimen Sozialistak: Plaza hau gurea da. 18:30ean izango da emanaldia. Horren ondoren Rodeo eta Ezpalak taldeak arituko dira akustikoan, eta gauean afaltzeko aukera egongo dela azaldu dute Zestoako Gazte Asanbladako kideek.