ACTUALIDAD IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA EDITORIAL COYUNTURA POLITICA AGENDA COLABORACIONES GEDAR TB ARTEKA LÍNEA POLÍTICA

Gabonetan, milaka langilek jarraitzen dute borrokan, euren lanpostuen nahiz lan-baldintzen defentsan. Sektore ugaritan daude gatazkan, askotariko murrizketak eta erasoak tarteko: ostalaritzan, arropen eta oinetakoen merkataritzan, garraioan... Eta, gainera, kaleratze masiboak iragarri dituzte hainbat lantegitan: Zumaiako (Gipuzkoa) Balenciaga ontziolan, Altsasuko (Nafarroa) Sunsundeguin, Ezkirozko (Nafarroa) BSHn, Gasteizko (Araba) SDAn, Siemens Gamesan, MasOrangen... Ikus ditzagun zabalik segitzen duten lan-gatazka horietako batzuk.

Arabako ostalaritzan, barra librea esplotazioari

Arabako Ostalaritzako Hitzarmen berria negoziatzen ari dira SEA patronala eta sindikatuak, baina oraingoz ez dago akordiorik soldata-igoerei edo laneko bajei dagokienez; soldataren %100 lehen baja-egunetik ordaintzeari uztea proposatu du patronalak, beharginak gaixorik daudenean ere lanera joatera behartzeko. Itunak bost urte daramatza berritu gabe, eta horixe bera da langileen soldatak izoztuta daramaten denbora.

Egoera horretan, euren kabuz antolatzearen alde egin dute ostalaritzako langileek, nagusien gehiegikeria sistematikoen aurka (tartean, protestara jotzen duten langileen kontrako jazarpena), eta lan-baldintzen hobekuntzaren alde. Gaur bertan kalejira bat egingo dute Gasteizko Alde Zaharrean, 20:00etan Halabediko kantoitik hasita.

Eguberri bete-betean, arropen eta oinetakoen merkataritzako beharginak borrokan


Abenduaren 23an eta 24an jo zuten grebara langileek, euren lan-baldintzen defentsan: Bilbon (Bizkaia), adibidez, mobilizazio bat egin zuten asteartean, On Diego Lopez Haroko kale nagusian barrena. Badirudi urtarrileko beherapenen garaian ere lanuzteak egingo dituztela.

Itxierak eta kaleratze masiboak Balenciaga, BSH, SDA, Sunsundegui, Siemens Gamesa eta MasOrangen

Azken asteetan izan diren itxiera iragarpenek, bestalde, Euskal Herriko txoko ugari astindu dituzte: milaka langile daude euren lanpostuak galtzeko arriskuan, eta borrokan ari dira itxieren aurka. Esate baterako, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak ezarri dituzte jadanik Zumaiako Balenciaga ontziolan eta Altsasuko Sunsundeguin. Gipuzkoako ontziola nagusia da lehenena eta ibilgailuetako karrozeriekin aritzen da bigarrena, baina bietako zuzendaritzak jo dute hartzekodunen konkurtsora, eta arriskuan daude langileak: ia 400 dira Sunsundeguin eta modu finkoan kontratatutako 71 Balenciagan (ontzi bat eraikitzen duten bakoitzean, dena den, askoz ere behargin gehiago kontratatzen dituzte).

Bestalde, etxetresna elektrikoak egiten dituzte Ezkirozko BSHn, eta lantegi hura ere zarratu nahi du bertako zuzendaritzak, ia 700 behargin kalera bidalita. Gainera, lehen BSH taldearen parte zen Gasteizko SDA enpresa, eta etengabe luzatutako aldi baterako lan-erregulazioko espediente baten ostean, badirudi bertako jarduna eten eta 55 langileak botako dituela zuzendaritzak.

Hori guztia gutxi balitz, Orange eta MasMovil konpainiek elkartuta sortu duten MasOrange taldeak aurreko udan iragarri zituen kaleratze masiboak, eta ezarri nahi duen enplegu-erregulazioko espedienteak aurrera egiten badu, 650 langile botako dituzte estatu mailan, horietatik 43 bat EAEn. Siemens Gamesari dagokionez, 2023an esan zuen akats bat aurkitu zuela aerosorgailu batzuen turbinetan, eta ekoizpena etengo zuela arlo horretan. Neurri hori argudiatuta iragarri ditu kaleratze kolektiboak 2025. urtea hasten denerako, tartean, 50 EAEn.

Avanzako langileak ere lan-baldintzak hobetzeko mobilizatzen