ACTUALIDAD IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA EDITORIAL COYUNTURA POLITICA AGENDA COLABORACIONES GEDAR TB ARTEKA LÍNEA POLÍTICA

Klase sozialek talka egin dute beste behin Frantziako Estatuan. Greba orokorra da gaurkoan, estatu mailako bigarren mobilizazio sindikala azken lauhilekoan. Ez da gutxiagorako, izan ere, langileriaren gogoa berotzen ari da inflazioaren eta pentsioen erreformak dakartzan mehatxuen harira. Joan den astean Élisabeth Borne lehen ministroak aurkeztutako pentsioen erreforman zehazten denez, erretiro-adina 64 urtera igotzea eta pentsio oso bat kobratzeko 43 urtez kotizatzeko araua azkartzea proposatzen dute agintariek. Neurriak gaitzespen handia eragin du biztanleen artean; %61 aurka daude, Ipsos Sopra Steriaren inkesten arabera.

Gauzak horrela, sindikatu guztiek bat egin dute egun seinalatuan. 200 manifestaziotik gora espero dira Frantziako Estatu osoan barrena eta geldialdiak izango dira hezkuntzan, garraioan zein energia-ekoizpen jardueretan, gutxienez. Lehen manifestaldiak Toulouse eta Marsella hirietan izan dira, goizean. Mobilizazio nagusia, aldiz, 14:00etan abiatu da Parisen, Errepublika Plazatik. 80.000 lagun baino gehiago espero ziren han.

Eliseoetako gobernuak gogor erantzun du, 10.000 polizia-agente kalera aterata eta grebalariei mehatxu argia igorrita: "Mobilizazioa ez dadila herrialdearen blokeoa bihurtu". Parisen bakarrik, 3.500 dira Barne Ministerioak kalera bidalitako polizia-unitateak. Emmanuel Macronen gobernuak badaki foku guztiak begira dituela egun honetan, grebaldia Pedro Sanchez Espainiako Estatuko presidentearekin Bartzelonan (Herrialde Katalanak) sinatzear den akordioaren egun berean iritsi baita.

Arteria logistikoa

Parisen, hiriburuan, langile klaseak balaztari sakatu dio metroen eta trenen zirkulazioan. Metro linea bat erabat itxita dago eta besteek partzialki baino ez dute funtzionatzen, RATP enpresak jakinarazi duenez. Aireportuetan ere izan du bere eragina deialdiak: Parisko Orly aireportuan, Frantziako Estatuko handienetako batean, bost hegalditik bat bertan behera uztea aurreikusten da aire-kontrolatzaileen lanuzteen ondorioz.

Energia eta hezkuntza

Hori gutxi balitz, grebak energiaren sektorean ere zartakoa eman dio burgesiari: ekoizpena 7,8 GW murriztu dela kalkulatzen da dagoeneko, hau da, hornidura osoaren %12 inguru. Elektrizitatearen ekoizpena "asko murriztu" dela berretsi dio RTE Frantziako Estatuko sare elektrikoaren kudeatzaileak France Presse agentziari. CGT sindikatuak adierazi duenez, grebak TotalEnergies enpresako findegi gehienetan langileen %70 eta %100 arteko babesa izan du, eta lanuzte gehiago espero dira datozen egunetan. Aurretiaz ere protestak izan ziren findegi horietan.

Guraso ugarik ez dute seme-alabak eskolan uzterik izango. Hezkuntza Ministerioak ohartarazi duenez, lehen hezkuntzako irakasleen %42k greba egingo dute gaurkoan, eta bigarren hezkuntzan, aldiz, %35ek. Sindikatuen arabera, lanuzteak %80ko erantzuna izan du zenbait ikastetxetan.

Joko-zelai estua

Presidenteak gogora ekarri duenez, "erreforma aurrera eramateko" izan da hautatua. Bere bigarren agintaldia du jada, baina ekainean gehiengo osoa galdu zuen. Ondorioz, aurrera atera nahi duen lege bakoitza negoziatzera behartuta dago. Eskuin errepublikarrarekin negoziatzeko asmoa du oraingoan, haiek eskaini baititzakete erreforma onartzeko beharrezkoa den gehiengo osorako 62 eserlekuak.

Ipar Euskal Herrian