ACTUALIDAD IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA EDITORIAL COYUNTURA POLITICA AGENDA COLABORACIONES GEDAR TB ARTEKA LÍNEA POLÍTICA



Macronen kabineteak aurkeztutako proposamena Ukrainako gerraren ondorio zuzena da, intentsitate handiko gerra konbentzionala gaur egun posible dela frogatu baitu. Baina, bestetik, aurreko doktrinak eta estrategiak berrikusteko prozesu baten ondorioa ere bada. Izan ere, Parisek hamarkada bat baino gehiago darama intsurgentziaren aurkako gerra-ereduan zentratuta. Herentzia kolonialak eta Sahel bezalako agertokietan duen rolak armadaren ezaugarri batzuk aldatzera eraman dute. "Terrorismoaren aurkako gerra" deritzon horretan espezializatu denez, gaitasunak galdu ditu "disuasio klasikoan" zein "intentsitate handiko eta iraupen luzeko gatazketan".

Lehia testuingurua

Gauzak horrela, material moderno samarrak, hegazkin-ontzi nuklearrak, defentsa-industria indartsuak eta Europar Batasuneko Defentsaren aurrekontu handienetarikoak izan arren, Frantziako Estatuak, Erresuma Batuak bezala, hutsune handiak izan ditu "gaitasun kritiko" deituriko arloan; hala nola, munizio adimendunen erabileran edo aire-hornikuntzan. Ukrainako gerrak areagotu egin du Frantziako Estatuko armadaren barruan zegoen eskakizun hori. Haien esanetan, "agerian geratu da Mendebaldeko herrialdeen zati handi batek eskala handiko gatazkei aurre egiteko duen armamentu stock mugatua".

Orain, inbertsio-ziklo berriari begira, gabezia materialak iraultzeaz gain, euren gaitasunak hobetu nahi dituzte. "Informazio-gerra", "inteligentzia militarra" eta "digitalizazioa" izanen dira horren oinarriak. Aurrekoaz gain, Leclerc tankeak Leclerc Scorpion XLR modelo berrira modernizatzeko programekin eta Dassault Rafale ehiza-hegazkin berriak jasotzen jarraituko dute.