Gernikako (Bizkaia) Egurre Gazte Asanbladak egun osoko egitarau bat antolatu zuen atzorako, Inposatu nahi diguten Gernikaren aurrean gazteok kaleak hartu lelopean. Egunari hasiera emateko, Gaztetxeen eta Gazte Asanbladen beharrari buruzko mahai-inguru bat egin zuten 12:00etan, Pasealekuan, hainbat gonbidaturen eskutik: Durangoko (Bizkaia) Kaletik Gaztetxera, Bilboko (Bizkaia) Etxarri II Gaztetxea, Gasteizko (Araba) Siberia Gazte Langileon Asanblada, Igorreko (Bizkaia) Kiñu Gaztetxea eta Burlatako (Iruñerria, Nafarroa) Gazte Asanblada. Horren ondoren, aisialdiko ekimen ugari izan ziren bertan: bazkari bat, monologo-saioa, musika-emanaldiak...
Eguna biribiltzeko, gauean, berri pozgarri bat eman zuen Egurre Gazte Asanbladak: Gernikako Gaztetxe zaharra berreskuratu du, eta, beraz, Langile Kontrolpeko Espazio berri bat ireki du.
Hamar urte baino gehiago igaro dira Gernikako Gaztetxea izandakoa zarratu zutenetik, eta denbora luzea darama abandonaturik: "Hiru legegintzaldi baino gehiago doaz [udaletik] esaten liburutegi bat jarriko dutela hemen, baina denak dira promesa faltsuak. Espazioak urteak daramatza hutsik eta erabilera barik, eta horren aurrean, behingoz, erabilera ematen hasiko gara".
Inposatu nahi duten eskualde ereduari ezetz
Asanbladak salatu zuen "ez direla garai onenak" Busturialdean. Izan ere, seinalatu zuen "instituzioak aurrera eramaten ari diren politikek ez dituztela inondik inora gazte langileon interesak ordezkatzen", eta horren adibide dela, besteak beste, Guggenheim Urdaibai makroproiektua. Hala, zabaldu berri duten Gaztetxea "ekarpena egitera dator inposatu nahi diguten eskualde ereduari ezetz esateko bidean", eta "herriko gazteen interesak bermatzea dauka helburu", asanbladako kideen hitzetan.
Zehazki, hainbat erabilera eman nahi dizkiote: "gazteok batzeko eta elkar harremantzeko", "antolakuntza politikoa sustatzeko", "aisialdia eta ekimen kulturalak antolatzeko" eta "kirola egitera bideratutako" espazio bat izango da Gernikako Gaztetxea. Horetaz gain, "ikasteko espazioen beharrizanari" erantzunez, liburutegi modura ere erabili ahal izango da.
Deialdiak gaurtik