ACTUALIDAD IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA EDITORIAL COYUNTURA POLITICA AGENDA COLABORACIONES GEDAR TB ARTEKA LÍNEA POLÍTICA

Sei hilabeteko negoziaketaren ostean, eta akordiorik gabe amaitu diren hamahiru bileraren ostean, protesta gogortu dute Ortuellako (Bizkaia) Ingeteam enpresako beharginek: greba mugagabea hasi zuten joan den astelehenean, lan-baldintzak hobetzeko asmoz. Atzo, hala, Ingeteam Taldeak dituen bulego nagusien aurrean elkarretaratu ziren, Zamudion (Bizkaia). Aurretik, hainbat lanuzte egin zituzten ekainaren bukaeran.

Lan-hitzarmena eguneratu dezatela exijitzen ari dira langileak, eta lan-baldintzak hobetzeko hainbat eskaera zehatz egin dituzte: soldatak sektoreko ordainsariekin parekatzea eta hobetzea, lan-karga berregokitzea eta murriztea, eta kontziliazioa ahalbidetzeko neurriak hartzea, nagusiki. Enpresa-zuzendaritzak, baina, momentuz uko egin dio langileen exijentziak onartzeari, eta negoziazioa blokeatu du.

269 langile dira Ortuellako fabrikan. Duela sei urte jarri zen martxan lantegia, maiztasun-bihurgailuak ekoizteko. Dena den, lantoki gehiago ere baditu enpresak Euskal Herrian; hala nola Zamudion bertan, Beasainen (Gipuzkoa), Sarrigurenen (Nafarroa) edo Sesman (Nafarroa).

Ortuellan ELA sindikatukoak dira langile-batzordeko bederatzi ordezkariak, eta nabarmendu dute "onak" direla enpresaren "emaitza ekonomikoak": "124,2 milioi euroko irabaziak izan zituen 2024an, eta 37,8 milioikoak 2023an. Gainera, aurten 16,8 milioi euro banatu dira dibidenduetan".