ACTUALIDAD IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA EDITORIAL COYUNTURA POLITICA AGENDA COLABORACIONES GEDAR TB ARTEKA LÍNEA POLÍTICA

2025eko udari buruzko Deustobarometroaren emaitzak argitaratu ditu jada Deustuko Unibertsitateak, eta ikus daitekeenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kezka sozialen aurreneko postuan dago etxebizitzarako sarbidea. Hain justu, inkesta egin dutenen %43,9k nabarmendu dute kezka nagusi gisa. Aurreko seihilekoko emaitzekin alderatuta, gora egin du ardura horrek, hiru puntu inguru.

Bestalde, masa-komunikabideek eta sare sozialek indartutako olatu erreakzionarioaren barruan, igo egin da "delinkuentziari" eta immigrazioari buruzko kezka ere, ia-ia podiumean sartzeraino. Izan ere, EAEko kezka sozialen laugarren postuan dago "delinkuentziatzat" jotakoa, inkestatuen %24,7k seinalatu baitute arazo nagusi gisa; eta bosgarren postuan dago immigrazioa, %22,4k lehen mailako arazotzat identifikatu ostean.

Askok, gainera, kolokan jartzen dituzte migratutako pertsonen oinarrizko eskubideak: %40k uste dute mugatu egin beharko litzatekeela haien osasun-arreta, eta ia %60 dira prestazio sozialekin berdina egin beharko litzatekeela pentsatzen dutenak. Horrez gain, %17,4k baino ez dute defendatzen pertsona migratzaile guztiek izan beharko luketela sarbidea babes ofizialeko etxebizitzetara.

Bigarren eta hirugarren postuak: osasungintza eta bizitzaren garestitzea

Etxebizitzarekiko, "segurtasunarekiko" eta immigrazioarekiko egonezina gora doazen bitartean, behera egin du osasungintzarekiko kezkak, nahiz eta bigarren postuan egon. Sei hilabeteko epean, %41,8tik %36,2ra jaitsi da auzi hori nabarmendu dutenen ehunekoa. Kezka nagusien hirugarren postuan eta podiuma osatuz dago, gainera, prezioen gorakada: %34,4k azpimarratzen dute auzi hori.

Egoera ekonomikoarekiko ikuspegia eta neurriak

Deustobarometroak jasotzen duenez, bi puntu jaitsi da EAEko egoera ekonomikoa "ona edo oso ona" dela uste dutenen portzentajea, %46raino. Egoera "erdipurdikoa" direla iritzi diotenek gora egin dute, %43ra. Gainera, inkestatuen %36,8k diote aisialdiari lotutako gastuak murriztu behar izan dituztela, eta %28,1 dira berokuntzaren eta argindarraren gastuak murrizteko neurriak hartu behar izan dituztenak.

Maiatzaren 29tik ekainaren 7ra bitartean egin zuen azterketa Deustuko Unibertsitateak, EAEko 1.000 pertsona inguru elkarrizketatuz.