ACTUALIDAD IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA EDITORIAL COYUNTURA POLITICA AGENDA COLABORACIONES GEDAR TB ARTEKA LÍNEA POLÍTICA

Duela gutxi eman dute Lekeitioko (Bizkaia) Uribarren Abaroa egoitzako langileen egoeraren berri: "laneko segurtasuna bermatzeko beharrezko materiala ez izatea, kontratazio faltaren ondoriozko lan-erritmo jasangaitzak, praktiketako pertsonala soldatapekoen funtzioak betetzen egotea, bajak eta eszedentziak betetzeko langilerik ez kontratatzea, egutegi aldaketak jakinarazteko lan-hitzarmenean zehaztutako denborak ez betetzea, kategoria altuagoko eginkizunak eta erantzukizunak bete behar izatea horiei dagokien lansaririk kobratu gabe, lan-hitzarmenean hitzartutako atsedenerako denbora ez errespetatzea eta abar". Hori gutxi balitz, "gerentziaren aldetik ohikoak dira mehatxuak, presioak, langileon arteko etsaitasunak sortzeko saiakerak, xantaiak eta antzeko praktikak".

Egoitzako beharginek eta Lea-Artibaiko Laneko Autodefentsa Sareak hilabetearen erdialdean egin zuten agerraldi bat hori guztia azaltzeko, eta borrokara jo dutela jakinarazi zuten. Lau aldarri zehatz egin dituzte: langile gehiago kontratatzea, argudiatuta bestela ezin dela zerbitzu egokirik eskaini; egoitzan ustez indarrean dagoen lan-hitzarmena betetzea, "hainbat puntu sistematikoki urratzen" direlako; lan egiteko beharrezkoak diren "material eta baliabide egokiak ziurtatzea", eta "gerentziaren aldetik dagoen lan-jazarpena gelditzea".

Joan den larunbatean, maiatzaren 20an, aurreneko protesta bat egin zuten Lekeitioko udaletxeko eskaileretan. Jende ugari elkartu zen han, "erresidentzian gutxieneko lan-baldintzak bermatzearen eta langileon ahotsa ordezkatuta egotearen alde".

Besteak beste, instituzio publikoen erantzukizuna seinalatu zuten berriz; esaterako, Lekeitioko Udalarena. "Lekeitioko udal ordezkariak, [Uribarren Abaroa] fundazioaren parte den neurrian, gerentziaren kontratazioaren eta, ondorioz, enpresaren gestioaren gaineko erantzukizun zuzena dauka", adierazi zuten maiatzaren erdialdean egindako agerraldian.