Ikasturtea amaitzearekin batera, gero eta gutxiago geratzen da unibertsitatera sartu ahal izateko probetarako. Selektibitatearen eta Baxoaren kontra protesta egitera deitu du Ikasle Abertzaleak antolakundeak, urtero egiten duen bezala. Sarbide-probak "filtro sozialerako, indibidualismoa areagotzeko eta, funtsean, hezkuntzaren elitizazioan sakontzeko tresna" direla salatu du ikasle antolakundeak; eta ikasleei dei egin die, beraz, selektibitateari nahiz Baxoari beste behin ezetz esatera.
Ekainaren hasieran izango dira azterketa horiek, eta Euskal Herriko sei herritan joko du protestara IAk: Iruñean (Nafarroa), Gasteizen (Araba), Ibaetan (Donostia, Gipuzkoa), Leioan (Bizkaia), Eibarren (Gipuzkoa) eta Baionan (Lapurdi). Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) izango da lehenengo elkarretaratzea, ekainaren 4an: 11:15ean mobilizatuko dira ikasleak, NUPeko Liburutegi Plazan.
Ekainaren 6an, berriz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek egingo dituzte kontzentrazioak Euskal Herriko Unibertsitate Publikoan (EHU/UPV). 10:30ean izango dira protesta guztiak; Gasteizko campuseko Elurretan, Ibaetako campuseko Aulariopean, Leioako campuseko Mikel Laboa plazan eta Eibarko Ingeniaritza Eskolan.
Hurrengo egunean, ekainaren 7an, Lapurdira hedatuko da protesta. Baxoari ezetz esateko mobilizatuko dira Baionan: Etxepare Lizeoan elkarretaratuko dira, 10:00etan.
Apunte-bankua martxan