ACTUALIDAD IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA EDITORIAL COYUNTURA POLITICA AGENDA COLABORACIONES GEDAR TB ARTEKA LÍNEA POLÍTICA

Araba Bizirik plataformak kontzentrazio bat egin zuen atzo Gasteizen (Araba), Batzar Nagusien parean. Araba ez dago salgai lelopean jo zuen protestara, Solaria enpresa eta bere makroproiektuak seinalatzeko. Izan ere, Araba Berriztuk deialdi sinesgaitz bat egin zuen atzorako: ustez parke fotovoltaikoak aldarrikatzeko elkarretaratze bat antolatu zuen, Arabak plakak eta patatak behar ditu! lelopean. Hori "probokaziotzat" jo zuen Araba Bizirikek, eta kontramobilizazio batera deitu zuen, leku eta ordu berean. Araba Berriztuk bertan behera utzi behar izan zuen bere kontzentrazioa, baimena eskatuta izan arren.

"Elkarretaratze batera deitu dugu Araba Berrizturen deialdiari erantzuteko, Solaria edo Solariaren marka zuria besterik ez baita", azaldu zuen atzo Araba Bizirikeko bozeramaile Roberto Ruiz de Arkautek. Herrialdean aurreikusita dauden makroproiektuen defentsan ari da lanean Araba Berriztu, energia berriztagarriei lotutako ekimen suntsitzaileak babesteko. Araba Bizirikek jakinarazi du adi egongo dela deialdi horietara, eta erantzuten jarraituko duela: "Plataforma asko gara manipulazio horren kontra gaudenak".