Deustuko Gazte Lokalak (Bilbo, Bizkaia) urrian ospatu zuen 30. urtemuga, eta bertako kideek oraintsu salatu dute Bilboko udaltzainen errepresioa jasan zutela urteurrenaren baitan antolatutako ekintzak zirela-eta; isunak jarri zizkieten eta Gazte Lokaleko kideen aurka oldartu ziren udaltzainak.
Urteurrenaren egunean bertan, kontzertuak bukatu ondoren, espaziora bertaratu zen Bilboko Udaltzaingoa, zarata zegoela aitzakitzat hartuta. Kalez jantzitako bi polizia-agente sartu ziren gaztetxera eta, ondoren, beste hamar bat udaltzain uniformatuk egin zuten berdina. Gazte Lokaleko hiru kide identifikatu zituzten eta mehatxu egin zieten, identifikatzeari ezezkoa emanez gero, atxilotu egingo zituztela esanez. Gainera, gaztetxea barrutik grabatzeari ere ekin zion poliziak. Orain, 2.400 euroko isunak heldu zaizkie Gazte Lokaleko kideei.
Gaztetxeko kideek irmoki salatu dute "Bilboko Udalaren eta Udaltzaingoaren erasoa"; "gaztetxearen eta identifikazioa eta isunak jasan behar izan dituzten kideen aurkako erasoa". Gainera, Gazte Lokaleko jarduna bere horretan mantentzeko hautua egin dutela adierazi dute, eta isunak ordaintzeko hurrengo aste eta hilabeetan martxan izango den diru-bilketaren berri ere eman dute.
AKTUALITATEA
/
Deustuko gazte lokala
2.400 euroko isunak eta identifikazioak salatu ditu Deustuko Gazte Lokalak
Deustuko Gazte Lokalaren urteurren egunean sartu ziren espaziora udaltzainak, mehatxuak tarteko. Hiru kide identifikatu zituzten, eta isunak jarri zizkieten; guztira, 2.400 eurokoak dira isunak.