AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Disclose hedabideak egindako ikerketa baten arabera, 2012 eta 2025 artean, 429 pertsonari eraso zieten sexualki 215 poliziak eta jendarmek Frantziako Estatuan. Sexu-jazarpenetik bortxaketaraino doaz erasoak, eta Poliziaren zaintzapean zeuden pertsonei, salatzaileei, erbesteratuei, adin txikikoei nahiz polizia-kideei egin diete eraso.

Erasotzaileek, edonolako mailakoak direnak edo izan direnak Poliziaren barruan, beren posizioa eta polizia-baliabideak erabili dituzte (barne-mailako datu-baseak, araututako armak edo ibilgailu ofizialak kasu) biktimak hautatzeko, beldurtzeko eta isilarazteko. Kasuen %40tan, gainera, funtzionario berberek behin baino gehiagotan egin dute eraso, eta bostek lanean jarraitzen dute oraindik, sexu-indarkeriagatiko zigorrak izan arren.

Azterlanak botere-abusu sistematikoen eta inpunitate instituzionalaren kultura bat erakusten du. Izan ere, Frantziako Barne Ministerioak ez du egiturazko neurririk hartu eraso horiek prebenitzeko edo zigortzeko: ez zirkularrik, ez barne-protokolorik, ez eta Poliziaren zaintzapean dauden edo salaketak aurkezten ari diren pertsonekin "sexu-harremanak" izateko debeku argirik.

Zigorrak, iristen direnean, salbuespenezkoak eta arinak izaten dira: 2021etik hemezortzi polizia bakarrik zigortu dituzte sexu-indarkeriagatik, eta horietatik hamar baino ez zituzten polizia-indarretik kanporatu. Jendarmerian, 2023an biolentzia sexualagatik kondenatutako 46 agenteetatik, hiru baino ez zituzten Poliziatik kanporatu. Gehienek ohartarazpen soilak edo aldi baterako eteteak jaso zituzten.

Biktimak, gehienak emakumeak (%76), baina baita gizonak eta adingabeak ere, muturreko ahultasun-egoeretan erasotuak izan dira polizien partetik: atxiloketetan, kontroletan, manifestazioetan edo indarkeria matxista salatzera joatean. Barne Ministerioaren estatistika ofizialek, gainera, berretsi egiten dute sexu-indarkeriagatiko salaketen gorakada Frantziako Estatuan, baina Espainiako Estatuan bezala, ez dago polizia-indarren inplikazioari buruzko datu publiko espezifikorik, nahiz eta aipatutakoa bezalako ikerketek horri buruzko zantzu kezkagarriak ematen dituzten.

Borondate politikorik ez izateak eta polizia-hierarkiak eta estatu-aparatu osoak gertakari horiek hutsaltzeak inpunitate-giroa iraunarazten dute, biktimak babesik gabe uzten dituena eta instituzioekiko mesfidantza soziala indartzen duena, teorian "segurtasuna eta justizia bermatzeaz" arduratzen baitira.