Joan den irailaren 12an, jasandako eraso baten berri eman zuen Bilboko (Bizkaia) Etxarri II Gaztetxeak bere sare sozialetan: "Etxarriko atea bortxatu, materiala lapurtu eta hainbat kalte eragin zituzten. Ostutako gauzen artean, obra zein azpiegitura materialak daude (erremintak, harraska, arkoiak...), baita gurea zein auzoko gazte asanbladarena den dirua ere". Eraso horren ondoren, lan-egunak antolatu zituzten espazioa txukuntzeko eta kalteak konpontzeko asmoarekin.
Handik egun gutxira, beste eraso bat izan zen Gaztetxean; oraingo honetan, lapurretez gain, espazioa hankaz gora jarri eta ateak zabalik utzi zituzten. Bilboko udaltzainek Gaztetxeko ateak irekita ikusi eta suhiltzaileei deitu zieten, espazioa "egoera zaurgarrian" eta hutsik zegoela argudiatuta. Suhiltzaileek ateak soldatu zituzten, eta inolako prozesu judizalik gabe, modu ilegalean hustu zuten espazioa. Dena den, "elkartasun antolaturi esker", "espazioaren jardunbidearekin jarraitzea lortu" zuten Gaztetxeko kideek.
Bideo batean salatu dutenez, poliziek modu arbitrarioan eta inpunitate osoarekin egiten diete eraso Gaztetxeei, inolako berme legalik gabe. Gainera, espazio politiko horien beharra azpimarratu dute, proletalgoaren antolakuntza politikorako zein aisialdirako.
AKTUALITATEA
/
Etxarri gaztetxea
Enegarrenez eraso diote Bilboko Etxarri Gaztetxeari
Bilboko Etxarri II Gaztetxeko kideek publikoki salatu dituzte irailean jasandako erasoak. Poliziak izandako jokabide arbitrarioaren eta desalojo saiakeraren berri eman dute bideo baten bitartez.