AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Abortatzeko eskubidearen urraketen kontra borrokatzera deitu du Itaiak

Gurutzetan protesta bat egin zuen atzo, Osakidetzan abortatzeko eskubidea urratzen ari direla salatzeko. Itaiak salatu du abortu gehienak klinika pribatuetara bideratzen direla eta, gainera, abortatzeko eskubidea ez dela unibertsala emakume guztientzat. Zenbait langileren lekukotzak jaso dituzte, baita haurdunaldia eten nahi izan duten hainbat emakumerenak ere.

"Abortatu ondoren odol-jario handia izan nuen eta larrialdietako zerbitzura joan behar izan nintzen", "Pilulak hartzeko esan zidaten eta, hala ere, kirurgia egin zidaten", "Ez zidaten sedatzeko aukerarik eman eta kirurgia oso mingarria izan zen, nahiz eta anestesia jarri zidaten", eta abar.

Haurdunaldia eteteko EAEko osasun-sare publikora jo duten hainbat emakumeren testigantzak dira horiek guztiak, Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak bildu dituenak. Testigantzek argi seinalatzen dute ondorio bat: Osakidetzan abortatzeko eskubidea urratzen da, Itaiak azken asteetan hamaika aldiz salatu duen bezala.

Atzorako, ekainaren 19rako, protesta bat antolatu zuen Gurutzetako (Barakaldo, Bizkaia) ospitalean. Abortatzeko eskubidearen urraketen aurka borrokatzera deitu zuten hainbat eta hainbat lagunek, tartean Osakidetzako zenbait profesionalek, Itaiak egindako mobilizazio deialdira batuta.

Protestan ohartarazi zuten "alderdi politikoek errepikatzen digutenetik urrun kokatzen" dela EAEn "abortatzeko zerbitzuaren errealitatea", eta hala ikusi dutela Osakidetzako langileek urte luzez. Haurdunaldia eten nahi duten emakumeek jasaten dituzten urraketen eta erasoen berri eman zuten Itaiak eta hainbat profesionalek maiatzaren erdialdean, agerraldi baten bidez, eta horiek guztiak gogora ekarri eta berriz salatu zituzten atzoko mobilizazioan.

Abortuen %95,5 klinika pribatuetan egiten dira

Gogorarazi zuten EAEko osasun-sare publikoak klinika pribatuetara bideratzen dituela abortuen %95,5. Izan ere, "Osakidetzak haurdunaldi eteteen hitzarmena enpresa pribatuekin sinatuta dauka", Itaiaren esanetan: "Abortu-zerbitzua, beraz, osasun-sistema publikoak finantzatzen du, baina klinika pribatuetan egiten da".

Horrek ondorio larriak dituela ikusi ahal izan da urte luzez, atzoko protestan nabarmendu zutenez: "Klinika pribatuetan haurdunaldia eteteko interbentzioetan interes ekonomikoak lehenesten dira. Diru gehiago irabazteko helburuarekin, zenbaitetan, emakumeei ez zaie beharrezko informazioa ematen". Gainera, teorian, ebakuntzen ondoren emakumeei jarraipen egoki bat egitea "derrigorrezkoa" bada ere, hori ez da hala izaten.

Itaiak gaineratu zuen abortatzeak "estigma soziala eragiten" duela oraindik, eta horrek "kriminalizatu" egiten dituela haurdunaldia eten nahi duten emakumeak. "Hor kokatu behar ditugu talde antiabortisten legez kanpoko mobilizazioak", iritzi dionez.

Abortu unibertsala, kalitatezkoa eta doakoa

Abortuari buruzko legeen mugak eta hutsuneak ere izan zituzten gogoan atzo. Oroitarazi zuten Espainiako Estatuan 2010ean onartu zutela abortuari buruzko legea (iaz erreformatu zuten), eta "kalitatezko abortu publikoaren aldeko lege bezala saldu" zutela hura alderdi politiko ezkertiarrek. "Baina errealitatea bestelakoa da, interes pribatu-ekonomikoak lehenesten baitira", gaitzetsi zuten atzo Itaiako kideek: "Beharrezkoa ikusten dugu instituzioen eta Osakidetzaren fartsa agerian uztea".

Ohar egin zuten berriz: "Egun abortu-eskubidea unibertsala dela badiote ere, errealitatean ez da horrela". Azpimarratu zuten "emakume askori eta askori" ukatzen eta urratzen dietela abortatzeko eskubidea, "pairatzen dituzten muga ekonomiko-burokratikoak direla eta". Eta, bitartean, eskuineko alderdiek "abortuaren debekurako eta kriminalizaziorako proposamenak indartzen jarraitzen" dute, Itaiak seinalatu zuenez.

Horren guztiaren kontra, aldarri argi bat egin zuen: "Emakume guztiontzat kalitatezkoa eta doakoa izango den abortu-eskubidea defendatzen dugu". Uste du, ordea, horretarako "derrigorrezkoa" dela "abortu-zerbitzua interes pribatu- ekonomikoetatik kanpo egotea".

Gurutzetako mobilizazioan, Itaiako kideek aldarrikatu zuten "emakumearen osasuna" hartu behar dela "lehentasun" modura, eta horren aurkako praktiketan "Osakidetzak duen erantzukizuna" jarri zuten jopuntuan: esan zuten, bitartekoak izan arren, abortu-zerbitzua osasun publikotik kanporatzen eta hura azpikontratatzen segitzen duela. "Lanean eta borrokan jarraituko dugu, osasun-baliabideak sozializatu arte", jakinarazi zuten.

Gazako Zerrendan, ia 10.000 haurrek jasaten dute desnutrizioa
Zerrenda hegoaldean 3.000 ume daude hiltzeko arriskuan, desnutrizioagatik. Iparraldean, hiru haurretik batek pairatzen zuten desnutrizio akutua martxoan. Azken zortzi hilabeteetan, gutxienez 33 palestinar hil dira gosez Gazan.