AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Agoiztik Iruñerainoko martxa egin dute Siemens Gamesako langileek

Beharginek 03:00etan ekin zioten martxari Agoitzen, eta Nafarroako Parlamentu aurreraino eraman zuten Siemens Gamesaren itxieraren aurkako aldarria. 239 dira Agoizko fabrikan soldatapean jarduten dutenak.

Borrokan jarraitzen dute Agoizko (Nafarroa) Siemens Gamesako langileek. Atzo, osteguna, protesta egin zuten Nafarroako Parlamentuaren aurrean, Agoizko fabrika ez ixteko eskatzeko. Horren aurretik, zazpi orduko martxa egin zuten 60 langile inguruk, oinez: 03:00etan hasi zuten ibilbidea Agoitzen, eta 10:00etan iritsi ziren Nafarroako Parlamentura.

Hainbat lagun batu ziren ibilbidean zehar, esaterako, Sarrigurenen (Nafarroa). Siemens Gamesaren Agoizko eta Sarrigurengo lantegietako beharginek elkarretaratzea egin zuten aurreko astean, elkarrekin.

Enpresa batzordeak atzo adierazi zuenez, "hemen gaudela, borrokan, eta ez garela geldituko" gogorarazteko bildu ziren atzo Iruñean. "Espedientea atzera bota dezatela" exijitu zuen berriz, eta salatu zuen enpresak "ez duela ikusten zenbakietatik harago".

Bata bestearen atzetik

Duela hamar urte, Altsasutik (Nafarroa) Iruñeraino egin zuten martxa Siemens Gamesako langileek, orduko hartan, Altsasuko fabrikaren itxiera salatzeko. Azken urteetan, besteak beste, Imarkoaingo (Nafarroa) lantokia ere zarratu du enpresak herrialdean.

Gaur, uztailak 24, bertako fabrikaren itxieraren aurkako mobilizazioa egingo dute Agoitzen. Egun, 239 beharginek jarduten dute plantan soldatapean.

Ikasturte honetako "jardunaren zein norabide politikoaren gakoak" azaldu ditu GKSk
Batetik, "prozesu sozialistaren garapenerako gaitasunen antolaketan" jardun dute aurten GKSko militanteek, "independentzia politikoz diharduen mugimendu sozialista zabal bat gorpuzteko bitarteko tekniko, teoriko eta kulturalak izatea" ipar. Adibide modura aipatu dituzte lan-egunak, formakuntza teorikorako mintegiak edota topaketa sozialistak, eta horren eskutik, "sozialismoaren eraikuntzarako beharrezko indar sozialen antolaketa posible egiten duen" politika eredu baten garapena: "politika eredu sozialista". Bigarrenik, "egungo testuinguruaren gaineko azterketan eta gazte problematikan esku hartzeko bide-orrian sakondu" dute GKSko kideek, kongresu baten bidez. "Proletarizazioaren inguruko tesi politikoa" izan da gakoetako bat, eta "optika proletariotik landutako bide-orri sozialista jorratzeko hautua" egin dute. Zentzu horretan esku-hartuko dute gazte esparruan ere, "funtzio ekonomikoa, funtzio despolitizatzailea nahiz egiturazko funtzioa" barne hartzen dituen "funtzio-mapan" kasu.