AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Aitor Esnaola preso politikoa ere berriz espetxeratu dute

Espainiako Auzitegi Nazionalak atzera bota du legorretarrari ezarritako hirugarren gradua, aste honetan bertan Mikel San Argimirorekin egin bezala. Martutenen sartu dituzte biak.

Aste honetan bigarrenez, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak ezarritako hirugarren gradu bat baliogabetu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak: Mikel San Argimiro bigarren gradura eta beraz kartzelara itzularazi ostean, neurri berdina hartu du Aitor Esnaolarekin. Hortaz, preso politiko legorretarrak ere Martuteneko (Gipuzkoa) espetxera bueltatu behar izan zuen atzo arratsaldean. Bai San Argimirok bai Esnaolak hirugarren graduan egoteko legezko baldintzak betetzen dituzte.

11 urte baino gehiago egin ditu espetxean Esnaolak, eta zigorraren erdia bete zuen 2020an. Iazko apirilean Euskal Herriratu zuten, eta Eusko Jaurlaritzak joan den maiatzean onartu zuen hirugarren graduan sartzea. Azken hilabeteetan etxean bete du zigorra, hortaz.

Azken lau hilabeteetan, Eusko Jaurlaritzak ezarritako bost gradu progresio ezeztatu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Hala, hirugarren graduan zeuden bost preso politikok itzuli behar izan dute kartzelara; hain zuzen, IƱaki Bilbaok, Gorka Martinezek, Xabier Atristainek eta, berriki, Mikel San Argimirok eta Aitor Esnaolak. Beste zortzi preso politikoren gradu progresioei ere helegitea jarri die Fiskaltzak, eta ikusteke dago Espainiako Auzitegi Nazionalak horiek ere onartuko dituen edo ez.

Enkarterriko Bizkaibuseko beharginek greba egingo dute bost egunez
Atzo izan zuten aurreneko lanuztea Vectalia Enkarterriko langileek, eta azaroaren 14an eta 21ean eta abenduaren 12an eta 21ean ere greba egingo dute. Soldata-igoerak eskatzen dituzte, nagusiki. Borrokan ari dira Busturialdeko eta Lea-Artibaiko Bizkaibuseko beharginak ere.