AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Aske geratu dira Frantziako Estatuan astelehenean atxilotutako lagunak

Hamabost militante ekologista atxilotu zituzten, tartean Euskal Herriko bi, Lafargeren zementu fabrika baten kontrako ekintza bat egitea leporatuta.

Frantziako Poliziak operazio handi batekin hasi zuen astea Frantziako Estatuan: mugimendu ekologistaren parte diren hamabost pertsona atxilotu zituen estatuko hamar puntutan, tartean, Euskal Herriko bi lagun. Hain justu, Baionan (Lapurdi) izan zen atxiloketa bortitzetako bat, polizia judizialeko SDAT zuzendaritzaorde antiterroristaren eskutik, eta Tolosan (Okzitania) atxilotu zuten Hendaiako (Lapurdi) pertsona bat.

Nahasia izan zen informazioa hasieran, baina gerora argitu zen zer leporatzen zieten atzemandako pertsonei. Itxura denez, zementu fabrika baten kontrako ekintza batean parte hartzea egozten diete. Izan ere, iazko abenduan, Lafarge enpresak Marseillan (Okzitania) daukan enpresa bati eraso zioten ehunka lagunek; gailu elektrikoak eta erraustegia boikotatu zituzten, zenbait makina blokeatu zituzten, eta abar. Jakinarazi zuten La Farge dela "kutsatzaile eta CO2 ekoizlerik handiena" Frantzian.

Mediapart atariaren arabera, "talde kriminal" bateko kide izatea eta "degradazio antolatu" baten parte izatea leporatu diete atxilotuei. Lurraren Altxamenduek, hala, "mugimendu sozialen eta ekologisten kontra gobernua gidatzen ari den errepresio-igoera" salatu zuten astearen hasieran.

Atzo arratsaldean jakinarazi zuten, ia lau egunez gatibu izan ostean, aske geratu zirela atzemandako hamabost lagunak.

Poliziak hustu egin du Baionako Maurizia etxe okupatua
Polizia-operazio handi baten bidez kanporatu dituzte eraikina okupatu zuten gazteak. Maiatzaren erdialdean jakinarazi zuten etxe bat hartu zutela Baionan, bizitokiaren arazoari erantzuteko eta erabilera soziokulturala emateko.