AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Asteburuan Tolosan, Anoetan nahiz Galdakaon oldartu da Ertzaintza

Ostiral eta larunbat gauetan jazarri zituen gazteak Galdakaon; jarraipenak, mehatxuak, jipoiak, identifikazioak zein atxiloketa bat izan ziren. Anoetan eta Tolosan, aldiz, larunbat gauean jo zuten ertzainek kalean zeuden gazteen kontra.

Ertzaintzak bi gauez jarraian esku hartu zuen Galdakaon (Bizkaia): ostiral eta larunbat gauetan sartu zen Somera kalera, 02:00ak aldera bi kasuetan. Larunbat gauean, hain zuzen, Juan Bautista kalea eta herri ingurua hartu zituzten polizia-indarrek, eta gogor jazarri zituzten kalean zeuden gazte taldeak. Hego Uribeko Gazte Koordinadora Sozialistak azaldu duenez, gazteen atzetik aritu ziren ertzainak, mehatxu egin zieten, hainbat eta hainbat jipoitu zituzten eta, zenbaiten kasuan, polizia-furgoien bidez harrapatzen eta zapaltzen saiatu ziren.

Bi gauetan izan ziren poliziek identifikatutakoak, eta larunbat gauean, gainera, pertsona bat eraman zuten atxilo. "Poliziaren oldarkeriak ez dio osasun-neurrien betebeharrari erantzuten, bizi dugun krisi testuinguruan, proletalgoaren prozesu diziplinatzaileari baizik", salatu dute Hego Uribeko GKSko kideek.

Bestalde, Tolosaldeko GKSk jakinarazi du larunbatean Anoetan (Gipuzkoa) eta Tolosan (Gipuzkoa) ere oldartu zela Ertzaintza, argazkietan ikus daitekeenez. "Honakoak, azkenaldian etengabe errepikatzen ari diren gazteon aurkako kriminalizazio gertaera moduan hartu behar dira", esan dute GKSko kideek: "COVID-19aren testuingurua aitzakiatzat hartuta, gazteak sumisioan eta obedientzian hezteko asmoz gauzatutako erasoa da honakoa, eta ez du inolako zerikusirik gure segurtasuna eta osasuna bermatzearekin".

Zentro Sozialistaren defentsan, jendetza batu da Gasteizen
Gasteizko Zentro Sozialistaren hustea bertan behera uzteko exijitu diote Laboral Kutxari ehunka lagunek, eta antolakuntza politikorako espazioen beharra azpimarratuta, Zentro Sozialistaren defentsa berretsi dute. Ezinbestekotzat jo dute, gainera, langile kontrolpeko espazioak defendatzeko ahalmena handitzea; "jakintza lortzea", "gaitasunak handitzea" eta "elkartasuna saretzeko bide eraginkorrenak topatzea".