AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Atxiloketak Kaledonia Berrian, azken hilabeteetako protestei lotuta

CCAT koordinadorari lotutako zortzi pertsona atxilotu ditu Poliziak. Hautesle erroldari Frantziako Gobernuak ezarri nahi dion erreforma dela-eta mobilizazio handiak izan dira Kaledonian azken hilabeteetan, eta gutxienez zazpi pertsona erail dituzte. Macronek salbuespen-neurriak ezarri ditu bertan.

Kaledoniar Batasunak jakinarazi duenez, Polizia kolonialak zortzi lagun atxilotu ditu Kaledonia Berrian, azken hilabeteetako protesten harira. Itxura denez, Lekuan Ekintzak Koordinatzeko Zelularekin (CCAT, frantsesezko sigletan) lotura dute atxilotuek; tartean da, esaterako, Bichou Tein lider ezaguna. "Delituzko elkarte bateko kide izatea" leporatzen diete, antza. Kaledoniar Batasunak Magentan (Nouméa) duen egoitzara ere bertaratu dira polizia-indarrak, operazioaren barruan.

Kaledonia Berriko deskolonizazio-prozesua ahalbidetzeko sortu zen CCAT 2023an, eta Askapenerako Fronte Sozialista Kanakoaren (FLNKS, frantsesez) parte da. Azken polizia-operazioa dela-eta, CCATek esan du espero zitekeela halako errepresio-erantzun bat, eta kideak horretarako "prest" daudela.

Ehunka atxilotu eta zazpi hildako

Frantziako Gobernuak erreforma bat ezarri nahi du Kaledonia Berrian, hautesle erroldari lotutako araudia erreformatzeko. Asanblea Nazionalak maiatzaren 14an eman zuen ontzat aldaketa hori, baina neurriaren kontrako mobilizazio jendetsuak egin ditu kanako herriak azken hilabeteetan. Horren ondorioz, momentuz, erreforma tramitatzeari uko egin dio Emmanuel Macronen gobernuak.

Maiatzean zehar, gutxienez zazpi pertsona erail zituzten erreformaren kontrako protestetan, eta ehunka atxilotu izan ziren; dirudienez, 500 inguru. Frantziako Estatuak milaka militar eta polizia mobilizatu ditu Kaledonia Berrira (zenbait iturriren arabera, ia 4.000 izan dira), eta bortizki erreprimitu dituzte manifestari kanakoak.

Macronen gobernuak, gainera, salbuespen-neurriak inposatu ditu Kaledonia Berrian, protestei aurre egiteko. Larrialdi-egoera ezarri zuen maiatzean, armada mobilizatuta eta, esaterako, Tik Tok sare sozialaren erabilera debekatuta. Gerora ere mantendu ditu hainbat murrizketa-neurri Frantziako Gobernuak; hala nola, 18:00etatik 06:00etara bitartean kalera irteteko debekua eta alkohola saltzeko debekua.

Gasteizko Azkena Rock jaialdiko lan-baldintza miserableak salatu ditu Laneko Autodefentsa Sareak
Last Tour enpresa eta Gasteizko Udala seinalatu ditu erantzule gisa, azken horrek "langileon prekaritatea finantzatzen eta legitimatzen" duela nabarmenduta. Azkena Rocken aritu diren hainbat langileren lekukotzak bildu ditu LASek.