AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Azken eraso matxistak salatu ditu Itaiak

Aste honetan emakume bat erail du gizon batek Errotxapean, eta beste gizonezko batek egindako hainbat sexu-eraso atera dira argitara Tolosan. Itaiak protestak egin ditu Euskal Herriko hainbat herritan.

Errotxapean (Iruñerria, Nafarroa) emakume bat erail zuen asteazkenean gizonezko batek. Elkarrekin bizi ziren etxabe batzuetan, eta sastakatuta hil zuen. Tolosan (Gipuzkoa), gainera, 18 urteko gizon bat atxilotu dute aste berean, zenbait emakumeri sexu-erasoak egiteagatik.

Eraso horiek salatzeko, Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak mobilizatzera deitu zuen Euskal Herriko hainbat herritan. Iruñerrian eta Tolosan bertan kontzentrazioak izan ziren, baita Ondarroan eta Gernikan ere. Gasteizen (Araba) ere protesta bat egin zuten Alde Zaharrean barrena, atzo iluntzean.

Beste hainbat eraso Iruñean, Gasteizen eta Ortuellan

Aipatutakoez gain, azken orduetan beste zenbait eraso matxistaren berri eman dute Euskal Herrian. Aurreko ostegunean, 25 urteko gizon batek ukituak egin zizkion 17 urteko neska bati, Iruñean. Goizeko 10:30ak aldera izan zen erasoa, eta gertatutakoa salatu zuen emakumeak. Atxilotu egin zuten erasotzailea.

Gasteizen, berriz, 67 urteko gizon batek bere bikotekidea jo zuen egun berean, autobus batean zihoazela. Eguerdiko 13:30ak aldera izan zen: eztabaidatzen hasi ziren, eta gizonezkoak, emakumea iraindu ostean, lurrera bota zion sakelako telefonoa. Gero masailean jo zuen, euren alaba adingabea bertan zegoela.

Hori gutxi balitz, 69 urteko gizonezko bat atxilotu dute berriki Ortuellan (Bizkaia), etxeko langile modura kontratatutako emakume gazte bati eraso egiteagatik. Masajista bat zelako iruzur bat probestu zuen gizonak, emakumeari sexu-erasoa egiteko. Pertsona migrantea da erasotutako pertsona, eta duela gutxi migratu du Euskal Herrira. Bere babesgabetasun- eta ezjakintasun-sentsazioa zela-eta, hasieran ez zuen jakin nora jo. Azkenean, salaketa bat jarri zuen.

Erasotzaileak presio egin zion emakumeari, salaketa atzera bota zezan. Azkenean, baina, Muskizko (Bizkaia) komisaria batean aurkeztu zuen bere burua joan den astelehenean.

Hainbat langilek Getxoko taberna batean jasandako esplotazioa eta sexu-erasoak argitaratu dituzte
Hainbat emakume langile esplotatu dituzte: asteko zazpi egunetan eta hamar orduko lanaldietan aritu behar izan dute, hilean 800 euro baino gutxiagoren truke. Esplotatzaileetako batek, gainera, sexu-erasoak egin dizkie beharginei.