AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Bakartuta izan dute Marixol Iparragirre preso politikoa

Abuztuaren 27an amaitu zuen espetxe zigorra Frantziako Estatuan, eta estraditatu egin zuten, Espainiako Estatuan epaitu dezaten. Soto del Realen izan dute preso atzora arte, bakartuta. Atzo, baina, Avilara lekualdatu zuten. Bestalde, Euskal Herrira itzuli da Alfonso Etxegarai deportatua. 34 urte egin ditu erbestean.

Irailaren 4an Espainiaratu zuten Marixol Iparragirre euskal preso politikoa. Abuztuaren 27an bukatu zuen espetxe zigorra Frantziako Estatuan, baina irailaren 4ra arte preso izan zuten Parisen, eta gero, gainera, estraditatu egin zuten. Audientzia Nazionalak eskatu zuen Iparragirre Espainiaratzea, Auzitegi Nazionalean epaitua izan dadin. Azaldu dutenez, bere aurkako hamabi auzibide dituzte zabalik.

Estraditatu zutenetik atzora arte, Madrilgo Soto del Real espetxean izan dute atxilo eskoriatzarra. Bakartze moduluan izan dute bertan. Dena den, atzo, irailak 30, Avilako kartzelara lekualdatu zuten.

2004. urtean atzeman zuten Iparragirre, Mikel Albisurekin batera. Hala, 20 urteko kartzela zigorra ezarri zieten biei. Iparragirre oraindik preso dute, baina Albisu urtarrilean estraditatu eta aske utzi zuten. Izan ere, ez zegoen itxi gabeko auzirik bere gain.

Alfonso Etxegarai deportatua, etxean

Bestalde, Euskal Herrira itzuli zen atzo Alfonso Etxegarai deportatua. 34 urte egin ditu erbestean, eta jakinarazi dute plentziarra zela Sao Tome eta Principeko Errepublikako azken deportatu euskal herritarra.

1978. urtean egin zuen ihes Plentziatik (Bizkaia), eta lehendabizi, Ipar Euskal Herrira mugitu zen. Zazpi urteren ostean, Ekuadorrera estraditatu zuten. Berria-k jakinarazi duenez, bertako Quito hirian atzeman zuen Espainiako Poliziak, Anjel Aldana deportatuarekin batera. Bahitu eta torturatu egin zuten. 1986. urtean Sao Tome uhartera lekualdatu zuten, epaiketarik gabe, eta bertan atxiki dute orain arte.

Berria-ren arabera, gaur gaurkoz bederatzi euskal herritar daude deportatuta; lau Cabo Verden, hiru Kuban, eta bi Venezuelan.

Bizkaiko metalgintza greban ostiralera arte
Bizkaiko metalgintza sektoreko langileek goizak gaur, astelehena, abiatu dute bost egunez luzatuko den greba. Lan hitzarmenaren alde piketeak eta errepide mozketak egin dituzte, gaur goizean, Durangaldean. Metalgintza da Bizkaian langile gehien dituen sektorea: 50.000 behargin.