AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Barakaldon emakume bat hil zuen bere semeak apirilean

Apirilean hil zen emakumea Gurutzetako ospitalean, eta indarkeria zantzuak zirela-eta abiatu zuten ikerketa bat; ostegunean atxilotu zuten 53 urteko bere semea. Erailketa matxista salatzeko protestak egin ditu Itaiak asteburuan.

Adineko andre bat zendu zen Gurutzetako ospitalean (Barakaldo, Bizkaia) joan den apirilaren 26an. Antza, osasun-langileek hasieratik atzeman zituzten indarkeria zantzuak, gerora forentseak baieztatu zituenak. Emakumearen semeak esan zuen erori egin zela ama, eta horrek eragin zizkiola gorputzean zituen lesioak. Dena den, emakumea hil eta auzitegi medikuak analisiak egin zituenean, kontaketa hori gezurtatu zen.

Barakaldoko 4. Instrukzio Epaitegiak eskatuta ikerketa bat abiatu zuten, beraz. Hilketa bat izan zela baieztatzeaz gain, ikerketak erakutsi du emakumea zaurituta zegoen unean ez zutela behar bezala artatu; oso larri zegoen erietxean ospitaleratu zutenerako.

Horren guztiaren harira atxilotu zuten emakumearen semea joan den astean, Barakaldon; 53 urte ditu. Epaileak hala aginduta, kartzelaratu egin dute.

114 azken bederatzi urteetan

Urtea hasi zenetik, gutxienez bi hilketa matxista atera dira argitara Euskal Herrian: apirilean Barakaldon izan zenaz gain, urtarrilean 38 urteko emakume bat erail zuen bere bikotekideak Tuteran (Nafarroa). Gainera, apiril amaieran, emakume bat hiltzen saiatu zen bere mutil laguna Bilboko (Bizkaia) Atxuri auzoan; su eman zion bizitoki modura erabiltzen zuten lokalari.

Berria-k egindako zenbaketaren arabera, 2003tik hona, 114 emakume hil dituzte Euskal Herrian indarkeria matxista tarteko.

Itaiaren protestak

Azkeneko erailketa matxista salatzeko elkarretaratzeak egin ditu Itaiak asteburuan, Indarkeria matxista orori aurre egin lelopean. Hala nola, Altsasun (Nafarroa), Azpeitian (Gipuzkoa), Ordizian (Gipuzkoa) zein Gernikan (Bizkaia) antolatu dituzte protestak Itaiako kideek.

Ikusgai dago 'Burdin Hesia' programaren hemezortzigarren atala
Mugimendu Sozialistaren aurkako intoxikazio kanpaina eta horren oinarriak izan dituzte aztergai atal honetan.