AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Bisitak are gehiago murriztu dituzte espetxeetan

Covid ziurtagiria beharrezkoa da espetxeetara sartzeko, eta batzuetan bertan behera utzi dituzte aurrez aurreko bisitak. Eskubideak ezabatzen ari direla salatu du Tinkok: "Neurri gehienek zerikusi handiagoa dute eskubideen murrizketarekin eta propagandarekin, osasun arrazoiekin baino".

Covid ziurtagiria beharrezkoa da dagoeneko espetxeetara sartzeko Espainiako Estatuan ere. Gainera, horietako askotan bisitak murriztu dituzte, presoen beste hainbat eskubiderekin batera. Martuteneko (Gipuzkoa) eta Iruñeko (Nafarroa) kartzeletan, esaterako, lokutorioetan bakarrik egin daitezke bisitak, eta bertan behera geratu dira aurrez aurrekoak. Zaballan (Araba) eta Basaurin (Bizkaia), aldiz, mantendu egin dituzte.

Euskal Herritik kanpoko beste kartzela batzuetan ere egin dituzte murrizketak, Tinkok jakinarazi duenez. Palentzian (Espainia), adibidez, aurrez aurreko bisitak kendu dituzte, eta Leonen (Espainia), bisita mota guztiak. Patxi Ruiz euskal preso politikoaren lagunak, izan ere, bisitarik gabe geratu ziren joan den asteburuan, Leonera bidaiatu ondoren.

Tinkok gogora ekarri du, 2020ko martxotik, etengabeak izan direla presoen aurkako erasoak: "Hilabeteakaktibitaterik gabe, bisitarik gabe, askotan medikurik gabe (osasunaren izenean artatuak izateko eskubidea ere kendu zieten). Hilabete luzez itxaron eta gero, aurrez-aurreko bisitak berreskuratu zituztenean, haietako bakoitza eta gero presoak isolatzen aritu dira".

Borrokaldiak neurrien kontra

Hainbat presok borrokaldiak ere hasi dituzte azkenaldian neurri horien ondorioz. Ibai Aginagak, esaterako, gose eta egarri greba egin zuen urrian, Basauriko (Bizkaia) kartzelan, isolamenduan zeukatelako bisita baten ondoren. Dani Pastor, berriz, gose greban egon zen abenduaren hasieran, hura ere, isolamendutik ateratzeko.

Halako neurriak, "osasun irizpideetan oinarrituta egotetik urrun, kontrol soziala areagotzeko bitartekoak dira", Tinkoren esanetan. Espetxeetan ere egoera gero eta kaxkagarragoa dela nabarmendu dute, eta horiek "zapalkuntzaren aurrean altxatzen direnentzako" tokiak izanik, "langileria azpiratzea, eta, bereziki, preso politikoen borondatea makurraraztea" bilatzen dutela.

.


Lau urteko espetxe zigorra eskatu dute Donostian aurreko abenduan atxilotutako gazte batentzat
Donostiako Alde Zaharrean izandako hainbat polizia-jazarpen kasu salatzeko mobilizazio baten ostean, berriro oldartu ziren poliziak abenduaren 14an, eta istilu handiak eragin zituzten. Besteak beste, gazte bat atxilotu zuten, eta lau urteko zigorra eskatu dute harentzat.