AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Douglas lurrin-dendetako langileak greban daude kaleratzeen aurka

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 36 langile kaleratuko lituzke Douglasek enplegu-erregulazioko espediente baten bidez. Enpresaren jardunaren "digitalizazioa" aurreikusten dute etorkizunean.

Douglas Alemaniako lurrindegi enpresak martxan du enplegu-erregulazioko espediente bat eta, hori gauzatzen bada, 591 langile kaleratuko ditu Espainiako Estatuan. Horietatik 36 langile dira Arabakoak, Bizkaiakoak eta Gipuzkoakoak, eta enpresak haren jabetzako sei denda itxiko ditu lurralde horietan; hain zuzen, bat Araban, hiru Bizkaian eta bi Gipuzkoan.

Martxoaren 12an egin zuten lehen greba eguna estatu osoko langileek eta atzo, martxoak 18, bigarren greba eguna bete zuten kaleratzeen aurka. Arabako, Bizkaiako eta Gipuzkoako beharginek ere mobilizazioekin bat egin zuten atzokoan.

Enplegu-erregulazioko espediente berriaren harira, enpresak aitortu du abian dela "negozioaren berregituraketa" bat. Egungo krisiaren testuinguruan, lurrin-dendak itxi eta onlinesalmenta lehenetsiko du; izan ere, dendak itxita mantendu arren, onlinesalmenta %40 igo dela diote langileek. "Berregituraketak" eta itxiera horiek, baina, langileen kaleratzea ekarriko du Europa mailan, 2.400 denda baitituzte osotara.

Hustu egin dute Sekulamendi Zentro Sozialista Durangon
Durangoko Salestarren Komentua hemezortzi urtez egon da hutsik, eta "langile klaseari zabaltzeko" hautua egin du Kontseilu Sozialista Durangaldeak, gaur goizean jakinarazi duenez. Sekulamendi Zentro Sozialista gisa birjabetuta, espazioak hainbat proiekturi aterpe ematea izan da asmoa; besteak beste, oinarrizko produktuen Elkartasun Biltegiari eta Langile Autodefentsa Sarearen arreta-bulegoari. Poliziak 14:00 aldera hustu du gunea.