AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Emakume bat labanarekin zauritu du bikotekideak, Donostian

Etxebizitza batean, gizonezko batek eraso egin dio bikotekideari; labana batekin zauritu du eskuetan zein hanka batean. Donostiako ospitalean artatu behar izan dute. Bestetik, bihar epaituko dute gizonezko bat, 2017. urtean 16 urteko emakume bat bortxatzeagatik, Tolosan.

Gaur, abenduak 3, emakume bati eraso egin dio haren bikotekideak, Donostiako (Gipuzkoa) Amara auzoan. Labana bat erabilita zauritu du gizonezkoak, eskuetan zein hanka batean. Bien etxebizitzan jazo da erasoa, eta 07:50ak aldera hots egin dio Ertzaintzari emakumeak, gertatuaren berri emateko. Ordurako, etxetik alde eginda zegoen erasotzailea.

Etxebizitzara bertaratu da Ertzaintza, eta Donostiako ospitalera eraman dute emakumea. Bertan artatu behar izan dute. Jarraian, bikotekidearen aurkako salaketa formala aurkeztu du.

Ertzaintzak Lasarte-Orian (Gipuzkoa) aurkitu du erasotzailea. Labana zeraman soinean, eta atxilotu egin dute.

Bortxaketa Tolosan duela bi urte

Bestalde, bihar epaituko dute gizonezko bat, 2017. urtean 16 urteko emakume bat bortxatzeagatik. Erasoa jazo zenean, 20 urte zituen erasotzaileak.

Ministerio Publikoak txostenean jaso duenaren arabera, duela bi urteko gau batean, gizonezkoaren etxebizitzara joan ziren biak, elkarrekin. Bertan, "harreman sexualak izaten" hasi ziren, baina une batean, emakumeak jakinarazi zion ez zuela harremanak izaten jarraitu nahi, eta "geratzeko" eskatu zion gizonezkoari. Dena den, hark ez zuen aintzat hartu neskak eskatutakoa, eta bortxaz "jarraitu" zuen. "Erresistentzia fisikoa" erabili behar izan zuen emakumeak, baina "ez zuen lortu" bortxaketari aurre egitea.

Neska etxera joan zenean, amari jakinarazi zion jazotakoa, eta egunean bertan salatu zuen erasotzailea. Bortxaketa delitua leporatuta, haren aurkako bederatzi urteko espetxe zigorra eskatu du Gipuzkoako fiskaltzak; baita emakumearengana 19 urtean ezin hurbildu izatea ere.

Emakume bati eraso egin dio bikotekide ohiak asteburuan, Gasteizen
Atzo, emakume bati eraso egin zion haren bikotekide ohiak, Gasteizen (Araba). Gizonezkoa emakumearen etxera sartzen saiatu zen, bortxaz. Erasotzaileak alde egin nahi izan bazuen ere, Poliziaren patruila batek harrapatu, eta atxilotu egin zuten.