AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Erretreten erreforma onartu du Frantziako Senatuak

Arratsaldean eramango dute bozketa Asanblea Nazionalera, eta ez dago argi erreformaren aldeko gehiengo bat izango den edo ez. Hala ere, mahai gainean dago konstituzioko 49.3 artikulua erabiltzeko aukera. Horrekin, parlamentu-bozketan nagusitu gabe onartuko litzateke erreformaren azken testua.

Pentsioen erreformaren kontrako zortzigarren mobilizazio egun handia izan zen atzokoa Frantziako Estatuan. Greba eta protesta jendetsuak izan ziren berriz erretretaren lege berriari ezetz esateko, urtea hasi zenetik zortzigarrenez. Egun berdinean, baina, erreformaren testuaren azken bertsio bat adostu zuen batzorde mistoak; alegia, zazpi diputatuk eta zazpi senatarik osatutako batzorde batek.

Gaur, beraz, egun erabakigarria izango da erreformari dagokionez: goizean bozkatu dute azken testua Senatuan, eta arratsaldean bozkatuko dute Asanblea Nazionalean, 14:00etatik aurrera. Senatuan aise eman diote oniritzia batzorde mistoak helarazitako testuari, aldeko 193 botorekin, kontrako 114 botorekin eta 38 abstentziorekin. Liberalek eta kontserbadoreek ganbera horretan daukaten gehiengoa nabarmen geratu da beste behin. Arratsaldeko bozketari dagokionez, ordea, ez dago argi erretretaren erreformaren aldeko gehiengo bat osatuko den edo ez.

Zurrumurruek, hala ere, aspaldi jarri zuten mahai gainean gobernuak mekanismo autoritarioetara jotzeko aukera. Konstituzioaren 49.3 artikulua indarrean sartuta, parlamentu-bozketan gailendu gabe, neurri sorta berria aurrera ateratzeko aukera izango luke. Aurreko astean ere konstituzioko beste mekanismo batez baliatu zen gobernua Senatuan: 44. artikuluaren 3. atala erabili zuen oposizioak aurkeztutako emendakinak blokeatzeko.

Erretretaren erreformarekin, besteak beste, 62 urtetik 64 urtera atzeratuko litzateke erretiroa hartzeko adina.

'Errepresioari hortzak erakutsi' dinamika abiatu du Indar Gorrik
Azken hilabeteetan, hamasei atxiloketa eta 69.200 euroko isunak jasan dituzte Indar Gorriko kideek. Hainbat ekimen antolatuko dituzte horren harira, eta, oraingoz, maiatzaren 13rako jarri dute hitzordu bat Altsasun.