AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Estrasburgoko Auzitegiak ez du Altsasuko gazteen kasua aztertuko

Europako Giza Eskubideen Auzitegira jo zuten Altsasuko gazteek euren aurkako auzian, prozeduran zehar izandako irregulartasunak salatzeko. Estrasburgoko Auzitegiak ez du eskaria tramitera onartu, eta beraz, ez du aztertu ere egingo.

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ez du tramitera onartu Altsasuko gazteen eskaria. Altsasuko auzian izandako irregulartasunak salatu zituzten gazteek duela urtebete, Estrasburgoko auzitegian, baina ez dute eskaria aztertzerik onartu. Besteak beste, gazteek salatu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean ez zutela "epaile inpartzial bat" edukitzeko aukerarik izan, eta aurkeztutako frogak ez zizkietela onartu.

Gaur, Iñaki Abad auzipetuak jakinarazi du Estrasburgoko auzitegiak uko egin diola irregulartasun horiek aztertzeari, eta beraz, kasuaren ibilbide judiziala amaitu dutela.

79 urteko espetxe zigorra

2018ko ekainean 79 urteko espetxe zigorra ezarri zieten zortzi auzipetuei, bi urte lehenago "kalez jantzitako bi guardia zibil eta haien bikotekideak jotzea" leporatuta. Auzitegi Nazionaleko epaimahaiak errefusatu egin zituen indar errepresiboetako kideen testigantzak gezurtatzen zituzten frogak eta gazteen kontaketa indartzen zuten gainontzeko ebidentziak.

Gaur egun, espetxean bete beharreko denbora kunplitu dute dagoeneko auzipetu guztiek. Kartzelatik dira auzipetu guztiak, baina zigorrak betetzen ari dira oraindik haietako batzuk, hirugarren graduan.

Urtarrilaren 29ko manifestazioak zer ordutan eta nondik aterako diren zehaztu du GKSk
18:00etan hasiko dira Bilboko nahiz Iruñeko mobilizazioak, Jesusen Bihotza plazatik eta Sarasate pasealekutik, hurrenez hurren. 'Burgesiaren diktadura gelditu! Ofentsiba ekonomikoa eta politikoa borrokatu' izango dute lelo.