AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Familia bat etxetik kaleratuko dute Barakaldon

Aurki kaleratuko dituzte etxetik emakume bat eta 15 eta 6 urteko haren bi semeak, Eusko Jaurlaritzak eskatuta. Ezin dute etxebizitzaren alokairua ordaindu; hala, uztailean bota behar zituzten bertatik, baina epaitegi batek bi hilabeteko luzamendua ezartzea lortu zuten. Dena den, datozen egunetan izango da kaleratzea.

Uztailaren 30ean kaleratu behar zuten Barakaldoko (Bizkaia) familia bat etxetik, baina kaleratzea atzeratzea lortu zuten, epaitegi batek bi hilabeteko luzamendua ezarrita. Hala, alokairuzko etxebizitzan bizitzen jarraitu dute 41 urteko emakume batek eta 15 eta 6 urteko haren bi semeek, baina jakinarazi dutenez, datozen egunetan botako dituzte bertatik. Ezin dute alokairu soziala ordaindu; beraz, etxebizitzatik kaleratzea eskatu du Eusko Jaurlaritzaren menpeko Alokabide sozietate publikoak.

Argitan eta Berri Otxoak elkarteek azaldu dutenez, Barakaldoko Udalaren gizarte baliabideetako arduradunekin, Jaurlaritzaren Etxebizitza Zerbitzuarekin, edota Etxebide sozietatearekin jarri da harremanetan etxegabetzea geratzen saiatzeko edota beste irtenbideren bat bilatzeko, baina gaur gaurkoz, ez dago erantzunik mahai gainean, eta martxan da etxe kaleratzea.

Bestalde, gogorarazi dute etxegabetzeak ekiditeko protokoloa sortu zutela 2013. urtean Jaurlaritzak, Euskadiko Udalen Elkarteak eta Botere Judizialen Kontseilu Nagusiak. Iragan otsailean berritu zuten. Protokoloan jaso zutenaren arabera, gizarte zerbitzuek "berehalako premiazko erantzuna" eman behar diote kaleratzeko arriskuan dagoen eta baliabide ekonomikorik ez duen edozein familiari, baita etxebizitza bat lortzea bermatu ere. Gainera, azpimarratu dute genero indarkeria jasan zuela etxetik botako duten emakumeak.

Soldatak igotzea lortu dute Elorrioko garbitzaileek, bost hilabetez greba egin ostean
Elorrioko eraikin publikoetako emakume langileek apirilean hasi zuten greba. Elorrioko Udalak onartu egin behar izan du behargin horien kategoria, lanaldiak zein lanaldi partzialak aldatzea; hala, soldatak igo egingo dira. EH Bildu da buru Udal Gobernuan, eta langileek irailean salatu zuten udala, greba eskubidea urratzeagatik.