AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Gasteizen, Marbellan izandako azken erailketa matxista salatu dute

Gizonak ekainaren 7an erail zuen Pilar, Marbellako deskanpatu batean. Lehen Ariznabarran egiten zuen bizia, eta bertan egin dute bera oroitzeko eta indarkeria matxista salatzeko protesta bat.

Indarkeria matxistari aurre egin! lelopean, elkarretaratze bat izan zen atzo Gasteizko (Araba) Ariznabarran, zenbait kolektibok eta auzokideek deituta. Izan ere, auzoan oso ezaguna zen Pilar, ekainaren 7an bikotekideak Marbellan (Malaga) eraildako emakumea: hainbat hilabetez egin zuen lan Ariznabarrako taberna batean. Eguerdiko 12:00etan izan zen protesta Ariznabarrako Pista Beltzetan.

Marbellara lekualdatu aurretik, Gasteizen bizi zen Pilar, eta gaur egun ere bertan bizi dira bere senideak. Velez kaleko deskanpatu batean hil zuen bere bikotekideak duela astebete eskas, 53 urte zituela. Gertu zegoen gasolindegi bateko langileek topatu zuten gorpua, eta hiltzaileak polizia-etxe batean aurkeztu zuen bere burua. Behin-behineko espetxealdian daukate orain.

Atzoko elkarretaratzean, antolatzaileek gogorarazi zuten Pilarren erailketa ez dela "kasu isolatu bat, emakumeok jasaten dugun matxismoaren eta indarkeria matxistaren aurpegirik gogorrena" baizik. "Hain larria den zerbaiten aurrean, ez du balio isilik geratzeak. Bi bide daude: beste alde batera begiratzen jarraitzea edo matxismoaren aurka benetan planto egitea", defendatu zuten.

Horiek horrela, premiazko hainbat eginkizun nabarmendu zituzten: "indarkeria hori jasaten ari diren emakumeak laguntzea eta babestea; indarrez erantzutea eraso bakoitzaren aurrean, erasotzaileak zigor gabe atera ez daitezen; eta gizarte osoaren begiak irekitzea, egoera hau guztion arazoa baita, eta benetako konpromisoa behar da hori aldatzeko".

Emakume bat modu jarraituan bortxatu du gizon batek Donostian
39 urte ditu erasotzaileak, eta espetxeratu egin dute momentuz.