AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Gazte Langileon Elkargunea antolatu du GKSk abenduaren 3rako

Ordizian izango da Elkargunea, eta egun osoko egitarau bat prestatu dute GKSko kideek. "Urrian aurkeztu genuen Gazte Langileontzako Proposamen Politikoan sakonduz, gazteon problematika ezberdinei ikuspegi sozialistatik aurre egiteko aukeren inguruan arituko gara", azaldu dute. Horretaz gain, bazkari bat, ekitaldi politiko bat nahiz musika emanaldiak izango dira.

Gazte Koordinadora Sozialistak urri hasieran aurkeztu zuen Gazte Langileontzako Proposamen Politikoa, gazte problematikari lotutako hamabi aldarri zehatzekin. Ordutik, proposamena aurkezteko hamaika saio izan dira Euskal Herri osoan barrena, eta orain, lerro horri lotutako hitzordu bat jarri dute GKSko kideek: Gazte Langileontzako Elkargunea antolatu dute abenduaren 3rako, Ordizian (Gipuzkoa).

Gazte Langileontzako Proposamen Politikoan "sakonduz, gazteon problematika ezberdinei ikuspegi sozialistatik aurre egiteko aukeren inguruan" aritzeko zenbait hitzaldi izango dira Elkargunean. Zehazki, lau hitzaldi prestatu dituzte: Bizi bitartekoen aldeko borroka ikuspegi sozialistatik, Gazte langileontzako espazio politiko propioak, Autoritarismoaren gorakada: nola planteatzen dugu komunistok eskubide politikoen aldeko borroka? eta Arte ekoizpenaren funtzio politikoak: egungo eszena musikala eta erronkak. 10:30ean hasiko dira aurreneko bi saioak, Ordiziako Urdaneta ikastetxean bata eta Frontoi Handian bestea. 12:30ean izango dira beste bi hitzaldiak, leku berdinetan.

Goizeko saioen ostean, bazkari bat egingo dute Ordizian bertan, 14:30ak aldera. Debrass Band eta Ballon Frame arituko dira horren ondoren, eta 20:00etan hasiko da GKSren ekitaldi politikoa. Afaltzeko aukera izango da gero, baita zenbait kontzertu ere, frontoian zein Ordiziako Gaztetxean. Bake Faltsua taldea, Tatta, Mutiko eta Denso abeslariak, Atenenas DJak, Nazka Bwoyz Selecters taldea eta Enjoy DJa arituko dira gauean zehar.

GKSk uztailean egin zuen Euskal Herri mailako azkeneko ekimen handia, Ikasle Abertzaleakekin batera: Gazte Topagune Sozialista izan zen Durangon (Bizkaia), eta 2.000 lagun baino gehiago bildu zituen. Horren aurretik, apirilean, GKSk jardunaldi nazional bat egin zuen Berriozarren (Iruñerria, Nafarroa); 1.200 gazte elkartu ziren han, "bizi-eredu proletarioaz, egungo joera kulturalen ondorio politikoez eta komunismoaren ulerkera gaurkotu batez" jarduteko.

Laneko Autodefentsa Sarea sortu du Lea-Artibaiko Kontseilu Sozialistak
"Lan eremuan bizi ditugun egoera larrien aurrean antolatzeko, hobekuntzak lortzen saiatzeko eta hobekuntza horiek denboran iraunaraztea posible egingo duen Prozesu Sozialista indartzeko" jarri du martxan Lan Autodefentsa Sarea Lea-Artibaiko Kontseilu Sozialistak. Abenduaren 9an aurkeztuko du ekimena jendaurrean, Ondarroako Guzur Etxean.