AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Gipuzkoako erresidentzietako langileek 'Zaintza Martxa' abiatu dute

Erresidentzietako langileek Gipuzkoako eskualdeak zeharkatuko dituzte ekainaren 24tik 29ra bitartean, sei etapatan. 'Zaintza Martxa' izenpean egingo dute ibilbidea, "kalitatezko zaintza eredua" aldarrikatzeko. 70 egun egin dituzte greban dagoeneko, lan hitzarmenaren alde.

2017. urtean hasi zen Gipuzkoako adinekoen egoitzetako 5.000 langileren lan baldintzak arautzeko negoziazioa. Hala, langileek protestak eta grebak egin dituzte 2018. urteko urritik. Mobilizazioen barruan, beharginek Zaintza Martxa hasi zuten iragan astelehenean, ekainak 24. Donostitik Errenteriara izan zen martxaren aurreneko etapa.

Gaur, ekainak 25, Urola zeharkatu dute, Getariatik Zumaiara, hain zuzen. Datozen egunetan, Orian, Deban eta Goierrin izango dira. Martxarekin amaitzeko, ekainaren 29tik aurrera egingo dute seigarren etapa; Donostiara itzuli eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren atarira bertaratuko dira.

Greba deialdia egitean langileek azaldu zutenez, borrokaldiaren helburua da "Gipuzkoako Aldundiak bere gain hartzea duela hilabete bat ELAk patronalekin lortu zuen akordioa”. Izan ere, sindikatuak eskatuta, Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailak bilera baterako dei egin zuen; sindikatuei, Adegi eta Matia patronalei eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu zien batzarrean parte hartzeko. Diputazioko ordezkariak, baina, ez ziren agertu ere egin.

Printza gune autogestionatua birjabetu dute Lekunberrin
Larraunen ere badute Langile Kontrol Espazio berri bat. Atzo, igandea, bertso-trikipoteo baten ostean ireki zituzten Larraungo udaletxe zaharreko ateak. "Helburu handiagoak lortzeko pauso" modura definitu dute euren "kontrolpeko tresna" berria.