AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Gora egiten jarraitzen du gasolinaren prezioak

Litroko 20 zentimoko laguntzak ematen ditu Espainiako Gobernuak, baina azken hilabeteetan, deskontu horren %75 jan du prezioen igoerak. Gasolinaren kostuak maximo historiko berri bat hautsi du gaurkoan, gainera: batez beste, 1,968 euro ordaindu behar dira litro bakoitzeko. Inflazioak gora egin du maiatzean.

Espainiako Estatuan, gobernuak apirilaren 1ean martxan jarritako deskontua irentsi du jada gasolinaren prezioen igoerak. Litroko, 20 zentimokoa da gobernuak emandako dirulaguntza, baina deskontu hori ezarri zenetik, garestitu egin da gasolinaren kostua: apirileko aurreneko astean, batez beste, 1,834 euro ordaindu behar zen litroa; aste honetan, baina, maximo historiko berri bat gainditu eta 1,968 euroan kokatu da litro bakoitzaren batez besteko prezioa. Hortaz, gobernuak ezarritako 20 zentimoko deskontuaren %75 jan du jada prezioen igoerak.

Espainiako Estatistika Institutuaren (INE) arabera, gainera, maiatzean goranzko erritmoa hartu du berriz inflazioak, datu aurreratuen arabera, %8,7koa izan baita hilabete horretan. Elikagaien eta erregaien prezioek eragin dute igoera hori, antza. Azken urtean, %48 garestitu da gasolina litroaren kostua, eta %56,5 dieselarena.

Maiatz hasieran jakinarazi zuten Repsol enpresak, esaterako, irabaziak bikoiztu dituela erregaien prezioen igoerari esker. Repsolen administrazio kontseiluak aitortu zuen "mesede" egin diela Espainiako Gobernuak ezarritako deskontuak.

Berez, gobernuak hiru hilabeterako jarri zuen martxan 20 zentimoko deskontua; hau da, ekainaren 30era arte. Dena den, Pedro Sanchez presidenteak esan du beste hiru hilabeterako luzatuko dutela neurria.

Amnistia osoa eta Gabi Darasperen absoluzioa aldarrikatuko dituzte bihar Baionan
Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak gogorarazi du oraindik zabalik daudela Darasperen aurkako bi auzi, eta beharrezkotzat jo du "lan politikorako baldintzen" defentsan eta amnistia osoaren alde ateratzea kalera. Baionan egingo dute manifestazio bat bihar, 19:00etan.