AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Greba egin dute berriro Iruñeko IKEAko langileek

Hirugarren lanuztea egin zuten atzo, urtarrilaren 3an, lan-baldintzen okerragotzeari aurre egiteko.

Hiru greba egun egin dituzte jada Iruñeko (Nafarroa) IKEAko langileek: abenduaren 20an eta 27an egin zituzten lanuzteak eta, zuzendaritzak negoziatzeko aukerarik ireki ez duenez, hirugarrenez grebara jo zuten atzo. Lan-baldintzen okerragotzeari egiten diote aurre beharginek; besteak beste, zuzendaritzak egutegi aldaketak, oporraldiak edota atseden-asteburuak "negoziaziorik gabe" ezartzen dituela salatu dute.

Izan ere, La Morea merkataritza-guneko IKEAko zuzendaritza aldatu egin zen —IKEA Norte zentroa Ibericara subrogatu ondoren— eta, horrekin batera, langileek adostutako baldintzak egun batetik bestera aldatu ziren, IKEA Ibericaren lan-baldintzak ezarri baitziren.

Hala, aurreko baldintzei eusteko elkarretaratzea egin dute langileek saltokiaren aurrean, IKEAk lan-baldintzetan aldaketak inposatzen dizkigu negoziatu gabe. Igandeetako eta jaiegunetako irekierarik ez lelopean. Urtarrilaren 19an zuzendaritzarekin bilera izanen dutela jakinarazi dute langileek; hala ere, zuzendaritzak negoziazioari uko eginez gero, mobilizazio gehiago antolatuko dituztela diote.

Aldaketarik ez Espainiako Estatuko lan-erreforman
PSOEren eta Unidas Podemosen gobernuak sindikatuekin eta patronalarekin adostutako dekretuak bere horretan uzten ditu Alderdi Popularraren lan-erreformaren puntu nagusiak. Neurri antiproletario ugarik zutik diraute lan arloko legerian; hala nola, kaleratze merkeek, malgutasunak, hitzarmen kolektiboei entzungor egiteko aukerak, kaleratze masiboek, lan baldintzen murrizketek edota aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen iraunkortasunak. Europar Funtsen baldintzapean eta alderdien arteko kontsentsu maila altuarekin zehaztutako akordioak izan dira.