AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Greba egin dute gaur zaintza arloko langileek

Aldarrikapenen artean egon da "zaintza profesionalizatua publikoa, duina, doakoa eta unibertsala" izateko eskakizuna. Besteak beste, langile gehiago kontratatzea eta lan-baldintzak hobetzea ere eskatu dute langileek.

Pasa den astean adierazi zuten gisan, greba egin dute gaur Hego Euskal Herriko zaintza arloko beharginek, azpimarratu zituzten zazpi eskakizun zehatzak kaleratuz. Hurrengoak dira aldarriak:

  • Egoera bereziki kaltebera duten pertsonen zaintza zerbitzuen publifikazioa.
  • Zuzeneko eta azpikontratatutako enpleguarentzako subrogazio eta finkatze bermea.
  • 10.000 profesional gehiago kontratatzea eta lanaldia %100eraino luzatzeko aukera izatea.
  • Sektoreko genero-arrakala gainditzeko taxuzko neurriak eta zaintzaren balio sozial eta produktiboaren aitortza.
  • Zuzeneko arretaren ratioak hobetzea.
  • Lan osasuna bermatzeko neurri egokiak hartzea.
  • Langileen osatze emozionalerako planak abiatzea.

Zaintza sektoreko hainbat langile batu dira greba deialdira, horien artean, adinekoen egoitzetako beharginak, pertsona elbarrituak zaintzen jarduten dutenak, etxeko laguntzaile gisa aritzen direnak nahiz animatzaile soziokulturalak.

Lanuzteez gain, mobilizazioak ere egin dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. "Lan-baldintzen prekarizazioa eta feminizazioa" salatu dituzte, eta baldintza duinekin lan egitea eskatu dute, besteak beste, langile gehiago kontratatuz eta lan-baldintzak hobetuz.

Mobilizatzera dei egin du berriro GKSk, "osasun-hondamendia eta askatasunen ezabapenak" salatzeko
"Osasun-hondamendi" baten aurrean gaudela dio GKSk; seinalatu du "Frantziako nahiz Espainiako estatu kapitalistek eta politikari profesionalek" ez dutela gaitasunik "pandemia kontrolpean edukitzeko" eta, gainera, bankari eta enpresaburuek "negozioa egin dezaketen heinean soilik inbertitzen dutela". "Irabazirik sortzen ez dion gasturik egitekotan, nahiago dute puntako armagintza handitzea eta polizia-baliabideak indartzea", adierazi dute GKSko kideek: "Neurri horiekin, gizartea birusetik babestu baino, badirudi enpresaburuek beren ordena soziala proletariotzaren balizko erantzunetatik babestu nahi dutela". Bestalde, politikari profesionalek "askatasun zibil eta politikoak ezabatu dizkigutela" eta horrek "aurrekari politiko zein juridiko arriskutsuak" ezar ditzakeela ohartarazi dute. "Kriminalizazioaren, errepresioaren eta askatasunen ezabapenen bitartez egin nahi diote aurre pandemiari", ondorioztatu dute. Hurrengo hiru asteburuetan egingo dituzte mobilizazioak.