AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Greba egingo dute berriro Arrasateko Aita Menniko langileek

Martxoaren 21etik 25era deitu dute grebara, negoziazioek huts egin baitute. Zuzendaritzak lan-baldintzak hobetzeko asmorik ez duela salatu dute langileek.

2017an hasi zen lan-gatazka Arrasateko (Gipuzkoa) Aita Menni ospitalean eta, guztira, hemeretzi greba egun egin dituzte. Lau eguneko grebaldi berri batera deitu zuten aurreko astean, antza, zuzendaritzak "ez baitu eduki zehatzik proposatu" lan-baldintzen inguruko negoziaketetan, eta ez du baldintza horiek hobetzeko asmorik erakutsi.

Hartara, 23 greba egun beteko dituzte ostiralean ospitaleko beharginek. Salatu duten bezala, erietxeko unitateen %80 administrazio publikoaren finantziazioaren bidez betetzen da eta, beraz, enpresak "sekulako kaudimen ekonomikoa" duela azpimarratu dute.

Halere, lan-baldintzak hobetzeko bermerik ez du jarri zuzendaritzak eta, zentzu horretan, lan-karga handitu dela ere salatu dute beharginek. Horrek pazienteen osasun mentalean eragina duela seinalatu dute; izan ere, haien zaintza egokia zaildu du langileek paziente gehiago artatu behar izateak.

Aurreko mobilizazioei jarraiki, hortaz, Aita Menniko langileen eskaeren artean daude lanaldiak mugatzea, errotazioak desagerraraztea zein kontratazioak, lan-osasuna eta, oro har, lan-baldintzak hobetzea. Hitz batean, lan-itun berri bat dute helburu, 2017tik ez baita berritu.

Bizitzaren garestitzearen aurka mobilizatu dira Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Kontseilu Sozialistek deituta
Argindarraren, gasaren, erregaien nahiz oinarrizko elikagaien garestitzea salatu dute Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. "Gure bizitzen aurkako eraso bakoitzaren kontra protestatzea" beharrezkotzat jo dute, eta antolatzeko deia egin dute.