AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Greba mugagabera jo dute Ortuellako Ingeteameko langileek

Soldata-hobekuntzak, lan-kargaren murrizketa eta kontziliazio-neurriak eskatzen ari dira, baina ez dago akordiorik negoziazioan.

Sei hilabeteko negoziaketaren ostean, eta akordiorik gabe amaitu diren hamahiru bileraren ostean, protesta gogortu dute Ortuellako (Bizkaia) Ingeteam enpresako beharginek: greba mugagabea hasi zuten joan den astelehenean, lan-baldintzak hobetzeko asmoz. Atzo, hala, Ingeteam Taldeak dituen bulego nagusien aurrean elkarretaratu ziren, Zamudion (Bizkaia). Aurretik, hainbat lanuzte egin zituzten ekainaren bukaeran.

Lan-hitzarmena eguneratu dezatela exijitzen ari dira langileak, eta lan-baldintzak hobetzeko hainbat eskaera zehatz egin dituzte: soldatak sektoreko ordainsariekin parekatzea eta hobetzea, lan-karga berregokitzea eta murriztea, eta kontziliazioa ahalbidetzeko neurriak hartzea, nagusiki. Enpresa-zuzendaritzak, baina, momentuz uko egin dio langileen exijentziak onartzeari, eta negoziazioa blokeatu du.

269 langile dira Ortuellako fabrikan. Duela sei urte jarri zen martxan lantegia, maiztasun-bihurgailuak ekoizteko. Dena den, lantoki gehiago ere baditu enpresak Euskal Herrian; hala nola Zamudion bertan, Beasainen (Gipuzkoa), Sarrigurenen (Nafarroa) edo Sesman (Nafarroa).

Ortuellan ELA sindikatukoak dira langile-batzordeko bederatzi ordezkariak, eta nabarmendu dute "onak" direla enpresaren "emaitza ekonomikoak": "124,2 milioi euroko irabaziak izan zituen 2024an, eta 37,8 milioikoak 2023an. Gainera, aurten 16,8 milioi euro banatu dira dibidenduetan".

Trumpek 'Alligator Alcatraz' inauguratu du: 5.000 migratzailerentzako makrokartzela bat Floridan, kaimanez inguratua
Atxiloketa-zentro berria Evergladeetan eraiki dute bi astean. Gobernuaren migrazio-politika gogorra sinbolizatzen du, eta protestak sortu ditu jada dakarren tratu txarragatik.