AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Greba mugagabera joko dute bihar Tuvisako langileek

Gasteizko hiri-autobusetako lan-baldintzak eta zerbitzua bera hobetzeko borrokan ari dira beharginak, eta porrot egin dute udal enpresako zuzendaritzarekin izandako elkarrizketek.

Gasteizko (Araba) hiri-autobusetako langileek hilabeteak daramatzate borrokan, euren lan-baldintzen eta eskaintzen duten zerbitzuaren defentsan. Oraintsu jakinarazi dutenez, porrot egin dute Tuvisako (zerbitzua kudeatzen duen udal enpresa) zuzendaritzarekin izandako elkarrizketek, eta beharginek greba mugagabera joko dute bihar, otsailaren 10ean. Zehazki, 14:00etan hasiko da greba.

Atzo bildu ziren berriz Tuvisako zuzendaritza eta langileen ordezkaritza, eta ez zen aurrerapausorik egon langileen eskaerei dagokienez. Udal enpresak aurkeztu duen azken proposamena aurrekoetan egindako berdina dela salatu dute beharginen ordezkariek, "aldaketa txiki batzuk gehituta". Zazpi bilera izan dira jada, eta udala bera ere erabat "geldirik" dagoela seinalatu dute langileek.

Lan-baldintzak eta zerbitzua hobetzeko beharginek egindako exijentzia nagusietako batzuk izan dira, esaterako, "lineako autobusen galera saihestea, Tuvisako pribatizazioak iraultzea, lan-hitzarmen berri bat negoziatzea, benetako lanaldiaren erregistroa egotea", eta abar. Atsedenaldiak ere aldarrikatu dituzte, baita ibilgailu berri kopurua handitzea ere. Izan ere, Gasteizko udal agintaldia amaitzen denerako, 20 urte izango dituzte ibilgailuetatik 35ek (88 autobus dira guztira).

Gaur, greba mugagabearen atarian, manifestazio bat egingo dute langileek Gasteizen barrena. 17:00etan izango da, Lovainako plazatik hasita. Andre Mari Zuriaren plazan amaituko da. Azken hilabeteetan ere hamaika mobilizazio eta lanuzte egin dituzte; azkeneko deialdian, beharginen %90ek babestu zuten greba.

Tuvisako langile batzordean, hiruna ordezkari dituzte ELA eta UGT sindikatuek, eta bina USO, ESK eta CCOO sindikatuek. LABek ordezkari bat du.

Ikasleak borrokan ari dira Grezian, unibertsitatearen pribatizazioaren kontra
Azken asteetan, kalea eta 250 fakultate inguru hartu dituzte Greziako ikasleek. Unibertsitate pribatuak sortzea ahalbidetuko duen lege-proiektu bat aterako du mahaira gobernuak, eta horrek geruzarik txiroenen sarbidea mugatuko duela salatu dute gazteek. Atzo bosgarrenez jo zuten grebara, eta orain arteko mobilizaziorik jendetsuenak izan ziren.