AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Gutxienez 200 atxilotu Frantziako Estatuan, hamargarren greba egunean

Atzo ere protesta jendetsuak izan ziren erretretaren erreformaren kontra; Baionan, milaka lagun atera ziren kalera berriz. Estatu osoan 13.000 polizia-agente baino gehiago mobilizatu ziren protesten aurka egiteko, eta ehunka atxilotu izan dira beste egun batez. Gobernua hurrengo astean bilduko da sindikatuekin.

Frantziako Gobernuak erretretaren erreforma dekretuz inposatu eta ia bi astera, aurrera doaz neurri berrien kontrako protestak. Erreformaren kontrako greba orokorra izan zen atzo ere, hamargarrena urtea hasi zenetik. Ehunka milaka lagunek hartu zuten kalea berriz; besteak beste, Parisen, Lyonen, Rennesen, Nantesen, Nizan eta Saint Nazairen. Baionan (Lapurdi) ere milaka pertsona mobilizatu ziren.

Gobernuaren iturrien arabera 740.000 lagun irten ziren kalera atzo; sindikatuen arabera, gutxienez 2 milioi izan ziren. Autoritateek estatu osoan zehar mobilizatu zituzten polizia-indarrak ere milaka izan ziren: 13.000 polizia-agente, zenbaketa ofizialek diotenez.

Parisen, manifestaziotik kanpo, gutxienez 10.000 kontrol egin zituzten poliziek. Lyonen mobilizazioan zeudenen kontra jo eta manifestazioa sakabanatu zuten, negarra eragiteko gasa eta ur-kanoiak erabilita.

Bilera sindikatuekin, eta beste greba egun bat

Frantziako Gobernuak, orain arte, uko egin dio sindikatuekin biltzeari. Estatuko lehen ministro Elisabeth Bornek, baina, berriki deitu ditu bilera batera. Dirudienez, hurrengo astearen hasieran elkartuko dira.

Momentuz, dena den, sindikatu nagusiek beste greba egun bat iragarri dute hurrengo asterako; apirilaren 6rako, hain justu.

Gutxienez 39 pertsona migratzaile hil dira Mexikoko erretentzio zentro batean, sute baten ondorioz
Dirudienez Guatemalakoak dira migratzaile gehienak, eta su eman zieten hainbat koltxonetari, deportatu egingo zituztela jakitean. Horrek sortu zuen sutea. Beste 28 lagun larriki zauriturik daude.