AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Ikusgai dago 'Burdin Hesia' programaren lehen atala

Tertulia baten bidez, gaurkotasuneko auziak landuko dira 'Burdin Hesia' programan. Urriaren 24an argitaratuko dugu bigarren atala.

Martxan da Gedar Telebista. Bart estreinatu dute Burdin Hesia programaren lehen atala, horixe izango baita Gedar Telebistaren aurreneko programa. Hain justu, eguneroko koiunturaren analisia egingo da Burdin Hesia-n, modu kritikoan. Formatu hori ez da berria, baina GEDAR LANGILE KAZETAren Bi irakaspen boltxebike: egunkaria eta ausardia editorialak aurreratu bezala, iritzi-ikuskera kapitalistei aurre egin nahi die proiektuak.

Gaurkotasuneko gaiak tertulia baten bidez landuko dira Burdin Hesia-n. Aurkezle batek gidatuta, gertakari eta auzi zehatzen inguruan hitz egingo dute tertuliakideek, mahai baten bueltan. Saioz saio, txandaka ariko dira hainbat tertuliakide.

Zenbait albiste esanguratsuren errepasoak irekiko du Burdin Hesia-ren saio bakoitza. Gertakari zehatz horiek egingo diote bide, hain zuzen, atal bakoitzeko gai nagusiari. Gerora landuko dituzte gai nagusi horren hainbat ertz tertuliakideek, eta zenbait kasutan, elkarrizketa batek lagunduta izango da lanketa hori.

Lehenengo atalean, esaterako, pandemia, ezarritako neurri murriztaileak, kale-edana, jazarpen poliziala eta gazteen kriminalizazioa izan dituzte hizpide, Haizea Uzkudun aurkezlearen eskutik.

Hamabost egunero argitaratuko da Burdin Hesia-ren atal bat, igandeetan, 20:30ean. Hurrengo saioa, dena den, ez da urriaren 24ra arte helduko gurera: aste honetan hasita, Euskal Herriko Gazte Topagune Sozialistaren jarraipen berezia egingo du GEDAR LANGILE KAZETAk, eta hori dela-eta, atzeratu egingo da Burdin Hesia-ren hurrengo atalaren emisioa.

Hona hemen Burdin Hesia-ren aurreneko saioa, osorik ikusgai:


Emakume bati sexu-erasoa egin dio gizon batek Durangon
Montevideo kalean ukituak egin zizkion emakumeari, eta beste hainbati erasotzen ere saiatu zen.