AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Iritsi da Munitibarrera Eskola Ibiltaria

Atzo hasi zen Ikasle Abertzaleek antolatutako Eskola Ibiltaria, Lekeitiotik. Autodefentsa sareen gaiari heldu ondoren, gaur genero auziaren inguruan aritu dira Itaiako kideekin, Munitibarren. Biharkoa izango da martxako azken ibilaldia, Gernikara, eta bertan egingo dute aurtengo ekitaldi politikoa.

Aulestitik (Bizkaia) Munitibarrerako (Bizkaia) bidea hartu du gaurkoan Ikasle Abertzaleek antolatutako Eskola Ibiltariak. Hala, martxaren bigarren etapari heldu diote ikasle eta gazteek. Hiru orduko ibilaldiaren ostean, Munitibarrera iritsi da Eskola Ibiltaria; bertan izan da bazkaria, eta ondoren, genero auziaren oinarriak aztertu dituzte, Itaiako kideekin batera. Hala, azken hilabeteetan genero auziaren gainean egindako ikerketak atera dituzte mahaira. Aurrerapen teorikoez zein horien inplikazio politikoez aritu dira emakume sozialisten sareko kideak; eta batez ere, "genero problematika" eta "genero zapalkuntza" kontzeptuen definizioak zein horien ondorio politikoak izan dituzte hizpide.

Bestalde, gaur ere hainbat tailer izan dira arratsaldean. Hain zuzen, militantzia kultura edota segurtasuna landu dituzte, baita hezkuntza legeen eta instituzioen ikerketa, sindikalgintzarako borroka moldeak, ekimen handien antolaketa, bileren dinamizazioa, informatika, analisi koiunturalak eta autodefentsa fisikoa ere.

Afalostean, aldiz, Kartzelako bizipenak hitzaldia izan da, bi preso ohiren eskutik.

Lekeitiotik Gernikara, martxan da Eskola Ibiltaria
Hasi da aurtengo Eskola Ibiltaria. Lekeitiotik abiatu da Ikasle Abertzaleek antolatutako martxa, eta ikasle eta gazteek ostegunean amaituko dute ibilbidea, Gernikan. Gaurkoan Lekeitiotik Aulestirako bidea egin dute, eguraldiak lagunduta. Autodefentsa sareen inguruko mahai ingurua eta hainbat tailer egin dituzte bertan.