AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Jarduna berrartu du Tolosaldeko Langile Autodefentsa Sareak

Soldatapeko lanean ematen diren gatazkei aurre egiteko antolakuntza forma eta tresnak garatzeaz gain, diru-sarrerak lortzeko beste zenbait bidetan ematen diren problematikei aurre egitea izango du helburu Tolosaldeko Langile Autodefentsa Sareak. Erasoei aurre egiteko indarra batasunean aurkitzen dela nabarmendu dute sareko kideek.

Jarduna gaur egungo egoerara egokitzeko hausnarketa prozesu bat egin ostean, Tolosaldeko (Gipuzkoa) Langile Autodefentsa Sareak jakinarazi du haren eginbideari berrekin diola. Duela urtebete aurkeztu zuten Langile Autodefentsa Sarea, langileen arteko elkartasuna saretzeko, lan-arloko gatazkei aurre egiteko eta sektore zaurgarrienei laguntzeko asmoz. Konfinamendu orokorra indarrean sartu zenean, aldiz, babesgabetasun egoeran zeudenei laguntza juridikoa eman eta lan-gatazkei begira "elkartasuna antolatzeko" dinamikak jarri zituzten martxan sareko kideek.

"Gizarte kapitalista osotasunean gaindituko duen prozesu bat gorpuzteko" bidean, soldatapeko lanaz harago ere langileen antolakuntza sustatzea beharrezkotzat jotzen dute orain Langile Autodefentsa Sareko kideek. Horrenbestez, adierazi dute pozez hartu dituztela azken urteetan gizarteko hainbat esparrutan "burgesiaren ofentsibari aurre egiteko" garatu diren bestelako antolakuntza adierazpenak. Horrekin lotuta, jakinarazi dute erreferentzia politikotzat daukatela Kontseilu Sozialista Tolosaldea, eta haiekin lankidetzan jardungo dutela.

Erronkak

Aurrerantzean izango duten jardun zehatzari dagokionez, hainbat erronka mahaigaineratu dituzte: batetik, soldatapeko lanean ematen diren gatazkak irabaztea eta langileriaren bizi-baldintzak hobetzen joatea ardatz, bide hori elikatzeko antolakuntza forma zein tresnak garatzen joatea; eta bestetik, soldatapeko lanaz gain, langileek "behar-beharrezkoak dituzten" diru-sarrerak eskuratzeko beste zenbait bidetan ematen diren problematikei heltzea etorkizunean.

Gaurdanik "antolatzen hasi eta indarrak batzearen" garrantzia nabarmendu du, gainera, Tolosaldeko Langile Autodefentsa Sareak. Eskualdeko langileei dei egin die, beraz, martxan jarriko dituen dinamiketan parte hartzera eta elkartasuna saretzera.

Goierriko (Gipuzkoa) Bategin Autodefentsa Laboraleko Sareak ere duela gutxi jakinarazi du jarduna berrartuko duela, Langile Autodefentsa Sare gisa eta "geroz eta sakonagoa den krisi ekonomikoari" erantzuteko zenbait aldaketa gauzatu ondoren.

Legution 150 pertsonak salatu dituzte ostiraleko gertakariak, 'Langileon aurkako kriminalizaziorik ez!' aldarripean
Ostiral gauean hemezortzi patruila-auto bertaratu ziren Legutiora, eta 30 pertsona atxiki zituzten. Poliziek atxilo eraman zuten horietako bat. Desjabetuon Hotelak salatu zuen "bertsio faltsua" zabaldu zutela hedabideek eta polizia-sindikatuek, eta protestara dei egin zuten atzorako. 150 lagun inguru elkartu ziren kontzentrazioan, eta poliziak mobilizazioa oztopatu zuen arren, "erantzun irmoa" eman zuten han bildu zirenek.