AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Kamerak txertatuko dituzte Ertzaintzaren uniformeetan

Irungo, Gasteizko eta Bilboko ertzainek probatuko dute kameren sistema berria, eta asmoa da 2024an hedatzea Ertzaintza osoan.

Body cam bidezko sistema jo du begiz Ertzaintzak, El Diario Vasco-k azaldu duenez. Irungo (Gipuzkoa), Gasteizko (Araba) eta Bilboko (Bizkaia) ertzainak izango dira aitzindariak: aste honetan erantsi dituzte kamerak polizia-agenteen uniformeetan, ustez, polizien esku-hartzeak grabatu ahal izateko. Hemezortzi kamera izango dituzte eskuragarri Bilboko ertzainek, sei Irungoek eta beste sei Gasteizkoek. Hamar astekoa izango da sistema probatzeko epea.

Irungo, Bilboko eta Gasteizko ertzainek probatu ostean hedatuko dituzte gisa horretako kamerak Ertzaintza osoan, antza, 2024 bukaerarako. 2022an ekingo diote "apurka-apurka" sistema zabaltzeari, eta Eusko Jaurlaritzak 500.000 euro bideratuko ditu horretarako hurrengo urtean.

Hainbat kamera mota desberdin probatuko dituzte datozen asteetan, baita hainbat osagarri ere: irudiak modu automatizatuan deskargatzeko gailuak, bateriak kargatzeko gailuak, irudiak biltzeko eta tratatzeko sistemak, eta abar. Josu Erkoreka lehendakariordeak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren "ardatzetako bat" dela "prozesuen digitalizazioa eta berrikuntza teknologikoa, segurtasun publikoaren erronkari erantzuteko tresna aurreratuak eta egokiak izateko".

Prozesu judizialetarako materiala

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak esan du "gardentasuna" eta "segurtasuna" handitzeko jarriko dutela martxan sistema berria. Erkoreka, dena den, harago ere joan zen asteazkenean, Bilbon, segurtasun pribatuaren inguruko kongresu batean. Azaldu zuen prozesu judizialetan erabili ahalko direla kamera horien bidez jasotako irudiak, besteak beste, ertzainek haien "esku-hartzeak defendatu" behar dituztenean; "beti ere, datuen babesa errespetatuz eta grabatzen hasi aurretik jakinaraziz".

Hala, "delitu-egitateen aurrean frogen ekarpena hobetzea eta agenteen segurtasuna areagotzea" ere helburutzat jo ditu Erkorekak.

Kamera gehiago

El Diario Vasco-ren arabera, ustez, orain arte Berehalako Erantzunen Patruilek baino ez dituzte kamerak eraman. Orain, sistemaren hedapena hastean, patruilako buruek kamerak eramatea izango da aurreneko urratsa; bular inguruan txertatuko dizkiete kamerak polizia-uniformeetan.

Greba hasi dute Baionako ospitaleko anestesistek
Astelehenean greban sartu ziren Baionako ospitaleko 34 erizain anestesista, Frantziako Estatuko greba deialdiari erantzunez. "Aitortza ekonomiko eta arautua" aldarrikatzen dute, besteak beste.