AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Langabezia prestazioa jasotzea zaildu nahi du Frantziako Gobernuak

Unearen arabera, langabezia prestazioa jaso ahal izateko baldintzak aldagarriak izatea bilatzen du gobernuak; besteak beste, lan egin beharreko hilabeteak eta dirulaguntza jasoko den denbora moldatzeko eta gogortzeko aukera zabaldu nahi du.

Frantziako Estatuko Ministroen Kontseiluak atzo onartu zuen langabezia aseguruaren modulaziorako proposamen berria; 2023. urte hasierarako sartu nahi du indarrean. Emmanuel Macron buru duen gobernuak berritu egin behar ditu, besteak beste, langabezia prestazioari buruzko baldintzak, datorren urriaren 31n iraungiko baitira gaur egun martxan daudenak. Eta argia da gobernuaren asmoa: gogortu egin nahi ditu langabezia saria jaso ahal izateko baldintzak, eta ireki egin nahi du unean une baldintza horiek moldatzeko aukera. Hain zuzen, Macronek dio dirulaguntza sistema hori "zorrotzagoa" izango dela "bete gabeko lanpostu asko daudenean", eta gobernuaren iritziz egoera ekonomikoa "ona" denean.

Esaterako, dirulaguntzarako eskubidea izateko lan egin beharreko hilabeteen kopurua —hau da, kotizatu beharreko denbora— igotzea ahalbidetu nahi du gobernuak; gaur egun, azken bi urteetako epean sei hilabete egin behar dira lan prestaziorako sarbidea onartzeko. Dirulaguntza hori jasotzeko aldia jaistea ere baimendu nahi du gobernuak, bestalde. Modu horretan, lanpostu hutsak betetzera "bultzatu" nahi omen dute jendea.

Olivier Dussopt Lan ministroak esan du "eramanezina" dela "%7,4ko langabeziarekin jarraitzea, eta aldi berean enpresetako buruzagiei jendea kontratatzeko zailtasunak dituztela entzutea". Hala, langabezia jaisteko helburua aitzakiatzat hartuta zaildu nahi ditu langabezia prestazioa jasotzeko baldintzak.

Sindikatuekin eta patronalekin hitz egin beharko luke orain gobernuak, zehaztapenak egiteko; besteak beste, baldintzak aldatzea edo ez ekarriko luketen irizpide ekonomikoak zehazteko. Dena den, badirudi gobernuak ez duela negoziaziorik irekiko, eta kontsultarako baino ez duela sindikatuengana eta patronalengana joko; antza, udazkenean izango dira elkarrizketa horiek.

Frantziako Estatuan elikagaien inflazioa %12raino igotzea espero da urte amaierarako
Euroguneko inflazio-tasarik baxuenetarikoa da Frantziako Estatukoa, oraingoz. Datozen hilabeteetan prezioek gora egitea espero da, Frantziako Estatistika Institutuaren arabera. Nekazal ekoizpena %35 garestitu da azken bi urteetan.