AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Lanuzteei ekin diete Petronorreko langileek, hitzarmena berritzearen alde

2019an agortu zen lan-ituna, eta, besteak beste, soldatak KPIaren arabera igotzea eskatzen dute beharginek. Hilabete honetan zehar 88 orduz egingo dituzte. Petronor "bere historiako onurarik handienak" izaten ari dela jakinarazi dute.

Petronorren Muskizko (Bizkaia) findegiko langileek lanuzteak hasi dituzte, 2019. urtetik "izoztuta" dagoen lan-hitzarmena berritzearen alde. Agortuta dago ituna, baina oraingoz ez dago adostasunik zuzendaritzaren eta beharginen ordezkarien arteko negoziaketan; pandemian gelditu ziren elkarrizketak, eta gerora berrartzean, ez da akordiorik egon. Zuzendaritzari presioa egiteko eta beharginek egindako eskaerak indartzeko, 88 orduko lanuzteak egingo dituzte hilabete honetan zehar. Hiru orduz eten zuten jarduna atzo, eta protesta bat egin zuten findegi aurrean.

Hitzarmen berriaren bidez, beharginen erosahalmena bermatu nahi dute langileek. Urte bakoitzeko Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) igoera errealaren araberako soldata igoerak exijitzen dituzte. Enpresako zuzendaritzak, baina, bestelako proposamen bati eusten dio: urte arteko inflazioaren aldaeraren %75 izan nahi du erreferentziatzat. Muskizko langile batzordearen arabera, neurri hori ez da nahikoa une honetan langileen erosahalmena ziurtatzeko, inflazio mailak ikusita. Repsol taldeak eta sindikatuek antzeko baldintza orokorrak adostu zituzten iazko martxoan, baina, izatez, itun propio bat daukate Muskizko findegiko beharginek. 1.000 inguru dira.

Zuzendaritzak, langileen aldarrikapenak baztertzeko, etengabe nabarmentzen ditu enpresan azken urteetan izandako zailtasunak. Beharginek ohartarazi dute, dena den, "bere historiako onurarik handienak" izaten ari dela Petronor. El Correo-ren arabera, 61 milioi euroko irabaziak izan zituen 2021ean, eta El Diario-ren esanetan, 305 milioi euroko irabaziak lortu zituen 2022ko aurreneko bederatzi hilabeteetan. Hala ere, aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat ezarri zieten beharginei 2021ean.

Intsektuekin egindako elikagai berriak baimentzen ari dira Europar Batasunean
Elikagaien eta lehengaien prezioek maximo historikoak gainditu dituzten honetan, merkeagoak izan daitezkeen hainbat gai giza kontsumorako erabiltzeko araudia zabaltzen ari dira, zenbait enpresaren eskaerak tarteko.