AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Libanon ere osasun-arretari ari dira erasotzen sionistak

Sionistek eraildako libanoarren %6 dira larrialdietako osasun-langileak, eta 275 zauritu dituzte. Osotara 58 eraso egin ditu Israelgo Estatuak Libanoko ospitale eta kliniken aurka, 158 anbulantzien aurka eta 72 suhiltzaileen ibilgailuen aurka. Gazako Zerrendan egin bezala, sionistek osasun-arreta daukate jomugan.

Azken urtean estatu sionistak eraildako libanoarren %6 larrialdietako langileak ziren, hau da, 2.710 hildakoetatik 168. Gehienak medikuak, erizainak edo suhiltzaileak ziren, eta, hainbat iturrik salatu dutenez, langile horiek erailtzea ez da albo-kalte bat izan, Israelgo Estatu terroristaren helburuetako bat baizik. Zauritu eta hildako kopuruaren arteko ezberdintasun txikiak hori iradokitzen du: esan bezala hildakoak 168 dira, eta zaurituak 275.

Sionistek zuzenean jaurti dituzte misilak Libanoko biktimak artatzera zihoazen anbulantzien kontra, baita osasun-etxeen kontra ere. Horrela, zortzi ospitale zerbitzuz kanpo utzi dituzte jada, eta beste zazpi ez daude %100ean erabilgarri. Firas Abiad Libanoko Osasun ministroaren esanetan, estatu terroristak "berariazko" kanpaina "sistematiko" bat abiatu du, herrialdeko osasun-sistemaren aurka.

Osotara 58 eraso egin ditu Israelgo Estatuak Libanoko ospitaleen eta kliniken aurka, beste 158 anbulantzien kontra, eta 72 suhiltzaile edo salbamendu-ibilgailuen aurka, aurtengo urriaren 8tik hona. Datuen eta lekukoen arabera, argi dago Gazako Zerrendan erabili duten estrategia berdina aplikatzen ari direla sionistak: larrialdi- eta osasun-langileak "itu zilegi" bezala hartzea, eta horiei erasotzea.

Gazako osasun-sistemaren aurkako erasoak sistematikoak dira

Azken urtean sistematikoak izan dira sionistek Gazako osasun-sistemaren kontra egindako erasoak: ospitaleak, osasun-instalazioak, anbulantziak eta salbamendu-ibilgailuak erasotu dituzte 2023ko urriaren 7tik hona. Osasun-etxeen aurkako 500 eraso inguru erregistratu dituzte Gazako Zerrendan, eta horien ondorioz 747 palestinar erail eta beste 969 zauritu ditu estatu sionistak.

Horrela, Gazako osasun-etxe gehienak daude suntstituta edo kaltetuta. Palestinarekin Elkartasuna plataformak salatu izan duenez, Israelgo Estatuak 523 osasun-langile hil zituen 2023ko urriaren 7tik 2024ko urriaren 7ra bitartean, eta 717 langile zauritu. Hori ez ezik, osasun-sarearen aurkako azpiegitura txikitu dute sionistek, eta ospitaleen %89 partzialki kaltetuta edo guztiz suntsituta daude.

"Abisuzko misilak" botatzen dituzte sionistek, osasun-langileak mehatxatuz

El PaĆ­s egunkariak dioenez, Libanoko osasun-langile askok antzeko bizipenak izan dituzte. Estatu sionistaren eraso terrorista bat dela-eta zaurituak artatzera bertaratzen direnean, bidean daudela, anbulantziei egiten diete eraso soldadu sionistek: "abisu" modura egiten dute, anbulantziek aurrera egin ez dezaten. Beste batzuetan, ordea, aurrez bonbardatutako eremu bati berriro erasotzen diote sionistek, medikuak eta osasun-langileak bertara iritsi direnean.

Erasorik bortitzena, itxura denez, aurtengo urriaren 7an jazo zen, Baraashit larrialdi-zentroan. Eraikinari eraso zioten sionistek, eta hamalau suhiltzaile erail zituzten bertan. Israelgo indarrek defendatu zuten "Hezbollahren operatibo terroristen" aurkako eraso bat izan zela hura, eta adierazpen baten bidez mehatxu egin zuten: "Erakunde terroristarekin distantzia mantentzea eta ez kooperatzea eskatzen diegu talde medikoei".

La Caixaren zortzi etxebizitza-bloketako maizterrak, baturik abusuzko klausulen kontra
Gasteiz, Arrasate, Bolueta, Zorrotza eta Erandioko ehun bat bizilagun antolatu dira, eta alokairu "eskuragarriekin" espekulatzea leporatu diote La Caixari. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren esanetan, 300 baino gehiago izan daitezke kaltetuak. Hainbat exijentzia egin dizkiote La Caixari, hala nola, abusuzko klausulak kontratu guztietatik ken ditzala eta etxegabetze ahalegin oro geldi dezala.