AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Maiatzaren Lehenean kaleak betetzeko dinamikari ekin diote Lizarraldean

Iaz sortu zuten 'M1: Hamaika zapalkuntza, borroka bakarra' plataforma Lizarraldean, eta aurten ere, hitzaldiz betetako hilabetea prestatu dute zonaldeko hainbat herritan Langileon Nazioarteko Egunari begira. Konfinamendua dela-eta, formatua egokitu behar izan dute. Bestalde, mobilizazioa ere iragarri dute Maiatzaren Lehenerako.

M1: Hamaika zapalkuntza, borroka bakarra plataformak adierazpen bidez jakinarazi duenez, aurten ere hilabete osoko egitaraua prestatu dute Lizarraldean (Nafarroa) Langileon Nazioarteko Egunari begira. Apirilaren 4an hasita, lau hitzaldi izango dira guztira, eta besteak beste, klase feminismoa, klase ertaina, klase kontzientzia edota autodefentsa izango dituzte aztergai. Bestalde, iaz egin modura, mobilizazio bat iragarri dute Maiatzaren Lehenerako.

Bizi dugun ofentsiba

Une honetan bizi dugun krisialdi egoeran, "klase kontzientzia garatzea" eta "burgesia hartzen ari den erabakien klase ikuspegia" seinalatzea "inoiz baino garrantzitsuagoa" dela azaldu dute plataformako kideek. Bestalde, "proletalgoaren sektore desberdinak (emakumeak, ikasleak, etorkinak, gazteak, pentsionistak...)" batzeko eta ez bakartzeko deia egin dute, "sektore bakoitzak jasaten dituen zapalkuntzen aurkako borrokan langileria osoa" inplikatzearen beharra nabarmenduz.

Izan ere, egungo egoeran, "goi burgesiak" bata bestearen atzetik hartutako erabakiak "langile klasearen gaineko ofentsiba politiko" batean kokatzen dira plataformako kideen esanetan. Testuinguru honetan, "Ongizate Estatuaren eta Europako langileriaren geruza batzuen pribilegioen -klase ertaina- deuseztapena azaleratu" dela diote.

Aurre

Ofentsiba honi aurre egiteko, "langileriaren bizi baldintzen autodefentsa eraginkorra martxan jartzeko unea" dela ebatzi dute M1: Hamaika zapalkuntza, borroka bakarra dinamikako kideek; "klase elkartasuna ez delako estatua eta egungo gizartea mantentzeko tresna bat, iraultzaren bidean langileriak duen arma baizik". Hala, arazoaren erroa den "botere burgesari" eraso egiteko deia luzatu dute.

Egungo zailtasunak

Adierazpenarekin batera, antolatzaileek azaldu dute Espainiako Estatuak imposaturiko salbuespen egoerak kinka larrian jarri duela dinamika osoa. Hala ere, testuingurua kontuan hartuta, aurrera jarraitzea erabaki dute. "Konfinamenduak irauten duen bitartean, antolatuta genituen hitzaldiak sare sozialetan zabalduko ditugu, artikulu modura" adierazi dute. Egun bakoitzari dagokion saioaren artikulua, beraz, egun horretan bertan argitaratuko dute sare sozialetan, alarma egoerak iraun bitartean behintzat.
Langileek lan-orduak berreskuratu beharko dituzte "funtsezkoa ez den jarduera ekonomikoaren" geldialdia amaitzean
Espainiako Gobernuaren aginduz, "funtsezkoa ez den jarduera ekonomikoa" etengo dute bihartik aurrera, gutxienez, apirilaren 9ra arte. Etenaldia bukatzean, baina, datozen egunei dagozkien lan-ordu guztiak "berreskuratu" beharko dituzte langileek, eta asko, derrigortu egingo dituzte oporraldi ordainduak orain hartzera. Confebask eta EAJ haserre agertu dira ekoizpena geratzeko erabakiarekin.