AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Mendialdeko Gazte Topaketek hartu dute Nafarroako iparraldea asteburuan

Abenduaren 6tik 7ra bitartean, Larraungo Printzan elkartu ziren Nafarroa iparraldeko dozenaka gazte, Medialdeko Gazte Topaketak medio. "Elkar ezagutzea eta elkartasunezko harremanak eraikitzea" izan dute helburu aurtengoan, baita eztabaidei heltzea zein saretzerako pausoak ematea ere. Balorazio "oso positiboa" egin dute parte hartzaileek.

Estreinakoz egin dituzte aurten Mendialdeko Gazte Topaketak, Nafarroa iparraldean. Abenduaren 6ko arratsaldetik abenduaren 7ko ilunabarrera bitarte iraun zuten topaketek, Argirik gabeko bideak etorkizunik ez du izenpean. Lekunberriko Printza Gune Autogestionatuan elkartu ziren Irurtzun, Arakil, Larraun, Betelu, Leitza, Malerreka, Bortziri eta Baztan inguruko gazteak. "Elkar ezagutzeko, ikaspenak elkarbanatzeko, hausnartzeko eta lan egiteko" aukera izan dute bertaratutakoek, eta ekimenaren inguruko balorazio "oso positiboa" egin dute.

Elkar ezagutzeko eta herri bakoitzeko gazte mugimenduari buruz hitz egiteko baliatu zuten aurreneko eguna. Horretarako, ezagutza jolasekin hasi, eta Inguruko gazte asanbladen egoera aztergai izeneko mahai inguruarekin jarraitu zuten. Ondoren, Araitz-Beteluko Alaitz eta Leire Olano ahizpen kontzertuak girotu zuen iluntzea.

Larunbat goizean gogoz ekin zioten egunari gazteek. Gosaria hartu ostean, "formakuntza eta hausnarketa kolektiboari" ekin zioten. Talde eztabaida egin zuten horretarako, testu bat oinarri hartuta. "Gizartearen egituraren eta errealitatearen inguruko hausnarketak" partekatu zituzten, azalpen orokor batekin hasita lehenengo, eta talde txikietan eztabaidatuz, ondoren. Arratsaldean, aldiz, Printzako azpiegitura berritzeko eta egokitzeko lanetan aritu ziren, auzolan deialdiari erantzunez.

Lehenengoa bai, baina ez azkena

Topaketak errepikatuko direla esanez amaitu zuten eguna parte hartzaileek, helburuak betetzat jota, eta "norberak bere herrian borrokatzen jarraitzeko gogoberriturik".

Bestalde, eskerrak eman dizkiete topaketak aurrera eraman zitezen laguntza eman duten kide guztiei; hala nola, azpiegitura ahalbidetu dutenei, larunbatean bazkaria prestatu zutenei, edota modu batera edo bestera Mendialdeako Gazte Topaketetan parte hartu dutenei.

Parisko Kasazio Auzitegiak ere ez du onartu Urrutikoetxearen baldintzapeko askatasuna
Irailean Parisko Dei Auzitegiak egin bezala, Kasazio Auzitegiak ere atzera bota du Josu Urrutikoetxearen abokatuek egindako eskaria. Espainiako Estatuak bi euroagindu eskaera eta beste bi estradizio eskaera eginak ditu haren aurka. 2002. urtean egin behar izan zuen ihes Euskal Herritik, eta maiatzean atxilotu zuten Frantziako Estatuan.