AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

"Negozioaren ereduak etxebizitzarako eskubidea ukatzen du"

Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak 12.000 etxebizitza eraiki nahi dituzte Etxabakoitzeko uholde-eremuetan, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu duenez. "Eraikuntza-ziklo berri bat irekitzeak dakarren arriskuaz" ohartarazi du. Gaur, etxebizitza eskubidearen alde mobilizatuko dira Haritu eta Etxebizitza Sindikatu Sozialista, 19:00etan Errekoleten Plazatik abiatuta.

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak "eraikuntza-ziklo berri bat irekitzeak dakarren arriskua" salatu du berriki, eta arreta berezia jarri dio Iruñeko (Nafarroa) Etxabakoitz auzoko makroproiektuari. Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak 12.000 etxebizitza eraiki nahi dituzte auzo horretan eta, antza denez, "etxebizitzen %70 uholde-eremuetan" egitea barne hartzen du proiektuak. Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideek azpimarratu dutenez, arrisku larriak dakartza horrek, "duela gutxi Valentziako gertakarietan ikusi ahal izan den moduan".

Sindikatuak ukatu egin du etxebizitzari lotutako arazoak eskaintza-arazo bat direnik, ideia hori "alderdi instituzional guztien artean kontsentsuzkoa" izan arren. Espainiako Estatistikako Institutuaren (INE, gaztelerazko sigletan) datuak aipatu ditu horretarako: 2021ean, 33.000 etxebizitza huts zenbatu zituzten Nafarroako Foru Erkidegoan soilik, horietatik 7.000 Iruñerrian. Auzia, hortaz, "etxebizitzarako sarbide-arazo bat" dela ohartarazi du.

Fokua merkatuko eskaintza faltan jartzea "aitzakia bat da hirigintza-proiektuen finantzaketa justifikatu ahal izateko", sindikatuaren esanetan, eta horrek "problematikan sakontzen du, horren jatorria etxebizitzaren merkantzia izaera baita". Argitu du, beraz, ondokoa dela arazoaren oinarria: "etxebizitzak negozioa egiteko merkantzia gisa balio duela".

Iruñea salgai

Hala, "errealitatearen eta alderdi politiko guztien proposamenen arteko kontraesana" salatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta Iruñerriko hainbat lekutan seinalatu ditu martxan diren hirigintza-proiektuak: Hemen negozioa egiten da etxebizitzarekin, Iruñea salgai edo Zein da zure aldea? Negozioa vs eskubidea bezalako aldarrikapenak jarri dituzte hamaika tokitan. Mosaiko erraldoi bat ere egin dute Etxabakoitzen, besteak beste, etxebizitzak uholde-eremuetan eraikitzeak "langile-klasea muturreko arriskuan jartzen dutela" gaitzesteko.

Iruñean mobilizatuko dira gaur, abenduaren 14ko manifestazioari lotuta

Euskal Herriko etxebizitza sindikatu guztiek manifestazio batera deitu dute abenduaren 14rako, Bilbon (Bizkaia), etxebizitzaren negozioaren aurka. Plaza Eliptikotik hasiko da, eguerdiko 13:00etan. Mobilizazio hori hamaika lurraldetan etxebizitza eskubidearen alde antolatzen ari diren mobilizazio-oldeari gehitzen zaio, eta Euskal Herriko 180 kolektibok babestu dute.

Gaur, azaroaren 28an, Iruñean mobilizatzeko deia egin dute Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Haritu Etxebizitza Sindikatuak. Alde Zaharreko kaleetan zehar izango da manifestazioa, eta Nafarroako 30 kolektibo baino gehiagok hartu dute parte deialdian. 19:00etan hasiko da mobilizazioa, Errekoleten Plazatik.

Agurainen, emakume bati eraso dio bere bikotekideak
19 urte ditu erasotzaileak, eta aurrez ere ikertu zuten tratu txarrengatik: urruntze-agindu bat zeukan. Donostian, bestalde, gizon bera salatu dute hamazazpi emakumek, sexu-jazarpenagatik.